Eraikina

Vitoria-Gasteizko Santa Maria katedrala hiriaren erdiguneko muinoaren gailurrean dago kokatua, hain zuzen ere antzinako Gasteiz hura ezarri zuten lekuan, hiriaren harresi-barruak mugatutako eremuan. Erdi Aroko harresiaren zati bat izan zen. Horren lekuko ditugu aurkitutako hondarrak eta eraikina zeharkatzen duen errondaren pasabidea.

Historiako une urrunetan erabilera desberdinetarako egindako hainbat eraikinen multzoa da. XIII. mendeko tenpluaren oinplanoak gurutze latindar forma dauka. Hiru nabe ditu, eta erdikoa albokoak baino handiagoa da altueran. Estalkietan gurutze-gangak daude, transeptu eta burualde zabalekin. Barrualdean, girola bat eta lau kapera laukizuzen ditu, eta girolatik beste hiru kapera poligonal zabaltzen dira. Horrez gain, triforio zoragarri bat eta XIV. mendeko elizpe bat ditu. Elizpea polikromatuta egon da historian zehar eta hiru portada ditu. Dorreak oinplano oktogonala dauka eta horren kanpandorrea XVI-XVII. mendeen artean eraiki zuten. Hor goitik, hiriaren ikuspegi panoramiko paregabea goza daiteke.

Santa Maria eliza multzoaren eraikin nagusia eta zaharrena da. Santiagoren kaperastrong> da gaur egun Santa Maria eliza. Epistolaren aldean (hegoaldean) dago kokatuta, transeptuaren besoko pinoian, eta sarrera independentea dauka Santa Maria plazatik. Horren hegoaldean, portada babesten duen elizpe absideduna dago, eta horren gainean, hegoaldeko herenean, kanpandorrea agertzen da. Azken horrek, kapitelarekin eta guzti, hirurogei metro inguruko altuera dauka. Ekialdean hainbat eraikin ikus daitezke, eta horien artean Barroko berantiarreko sakristia nabarmentzen da.