Gaurkotasuna

Prentsa-oharrak

22/05/2002

10.000 bisita eta erreserba ibilbide gidatuen lehen hilabetean

2002/05/22 Kopuru horrek gainditu egin ditu hasierako aurreikuspenak, abenduaren bukaerara arte espero genituen bisitarien %40 baita.

2002/05/22 Gasteizko Santa Maria Katedrala Zaharberritzeko Lanak ikusteko Bisita Gidatuen Hirugarren Programak izugarrizko ikusmina piztu du, abian jarri genuenetik hilabete baino igaro ez dela. Aurtengoan gehitu dizkiogun aukera erakargarriei esker, estatuko eta atzerriko bisitarien interesak erruz egin du gora. Lehen hilabete honetan ia 10.000 bisitari dauzkagu bermatuta, hau da, urte osorako aurreikusitako kopuruaren %40.

Joan den apirilaren 20an ibilbideei ekin genienetik, 5.091 lagun izan dira gure tenplu gotikoan, eta beste 4.710ek erreserba egin dute. Hilabete bakar batean 5.091 bisitari izan ditugula kontuan hartuta, hasieran finkatutako kopurua gainditu egin da: batez beste 150 lagun eguneko. Bisitariak tenpluan daudela, obrek aurrera jarraitzen dute, eta horregatik ezarri genuen aipatutako kopurua, lanen kalitatea kolokan ez jartzeko, alegia. Hala ere, irizpideetan malgutasunez jokatzen dugu, inor ez dadin Katedrala ikusi gabe geratu. Asteburuetan joaten da bisitari gehien, eta batez bestekoa gainditu egiten da; horregatik, talde gehiago osatu behar izan ditugu.

Katedralerako bisitetan aurtengoan eskaintzen diren berrikuntzen artean, arkeologi lanak plataforma handi batetik zuzenean ikusteko aukera aipatu behar dugu bereziki, horixe baita jende askok erreserbak aurretiaz egin izanaren arrazoia. Jadanik 4.710 erreserba daude eginda abenduaren bukaerara arte, horietako asko www.catedralvitoria.com web-orrialdearen bidez. Oraindik ordurik hartu ez dutenek, nahi izanez gero, datozen asteotako ibilaldietan parte hartzeko aukera izango dute. Nabe nagusiko indusketak apiriletik abendura bitartean burutuko direnez, bisiten ezaugarriak beti ez dira berberak. Hortaz, aukera bikaina da ibilbidea hainbat aldiz egin eta denboran zehar lanetan nolako aldaketak dauden ikusteko.

Bisitarientzako Harrera Zentrora ere jende asko joan da lehen hilabete honetan. Buruileriako bola-toki izandako gune horretan, aldi baterako erakusketa dago, eta ikus-entzunezkoen aretoan tenpluan zehar bisita birtuala egiteko aukera izaten dute bertara joandakoek. Azpimarratzekoa da, zentzu horretan, Harrera Zentroko bisitari asko eta asko Katedraleko ibilbide birtuala egin ahal izateko joan direla bertara.

Esan bezala, 5.091 lagun izan dira jadanik tenplu gotikoa ikusten. Bisitarien jatorriari dagokionez, 3.495 (%68,6) Euskal Herriko biztanleak ziren, 1.216 (%23,9) Estatuko gainontzeko lurraldeetakoak eta 380 (%7,5) atzerriko turistak. Daturik aipagarriena beste probintzia batzuetako bisitari-kopuru handia izan da, kontuan hartu behar baita ez dela oso garai egokia barne-turismoa egiteko. Betiko moduan, turista asko heldu zaizkigu Madril eta Kataluniatik, baina aurten, mugakide ditugun probintzietatik ere barra-barra etorri dira bisitariak: Kantabria, Errioxa, Nafarroa eta Gaztela eta Leonetik alegia.

Atzerriko 380 turistak 25 herrialdetatik etorri zaizkigu; horien artean, ondorengoak dira nabarmengarrienak: Estatu Batuak, Frantzia, Italia, Britainia Handia eta Alemania. Dena den, beste leku hauetatik ere etorri dira: Argentina, Danimarka, Japonia, Mexiko, Venezuela eta Koreatik. Bisitari guztietatik 4.031k gaztelaniaz egin dute ibilbidea eta 710ek euskaraz. Gainontzekoek ingelesez, frantsesez edo alemanez jaso zituzten azalpenak.