Gaurkotasuna

Prentsa-oharrak

30/05/2002

Katedrala eta Artium bisitatzeko lau euroko sarrera bateratua

2002/05/30 Bi kultur guneek euren eskaintza turistikoa bateratu eta ezagutarazteko akordioa sinatu dute.

2002/05/30 Arabako ARTIUM Fundazioak eta Santa Maria Katedrala Fundazioak euren kultur eta turismo eskaintzak bateratu eta ezagutarazteko ekimenak burutuko dituzte. Modu horretan bi proiektuak etxean eta nazioartean ezagutaraztea lortu nahi dute. Bi erakundeok sinatutako hitzarmenaren helburu nagusienetakoa da hori, eta akordioaren bidez bi proposamenak hedatzeko indarrak batu nahi dituzte, elkarlanean aritzeko bidea irekiz.

Arabako ARTIUM, Arte Garaikideko Euskal Zentro Museoa, eta Katedral Zaharra oso kultur gune ezberdinak dira, baina era berean osagarriak. Erdi Aroko hirigunean daude biak modu estrategikoan kokatuta. Gasteiz eta Araba Kultura eta Turismoan punta-puntakoak izaten laguntzen dute, Europako hiriburu garrantzitsuenen parean egon daitezen.

Bi proiektuok jakin-min handia piztu dute, eta horren erakusgarri da ireki eta ondorengo asteetan bisitari ugari jaso izana, aurreikuspen guztiak gainditu dira eta. Horrenbestez, kalitatezko kultur turismoaren erakusgarri direla egiaztatu da. Espainiako arte garaikideko bilduma onenetakoa duen museo berria eta arkeologi indusketa-lanak bertatik bertara erakusten dituen tenplu gotikoa erakargarriak eta interesgarriak dira.

Bertan zein nazioartean piztu duten interesari erantzuteko proposamen zehatzak bideratu nahi dituzte bi erakundeek hitzarmenaren bidez. Hala jasotzen da sinatutako akordioaren oinarrietan. Javier Gonzalez de Durana Arabako ARTIUM Fundazioko zuzendariak eta Santa Maria Katedrala Fundazioko zuzendari Gonzalo Arroitak osatzen duten batzorde mistoak erabaki eta zehaztuko ditu ekimen bateratuak.

Sinergiak sustatzea eta kultur gune bakoitzaren izaera berezia errentagarri egitea dira sinatutako akordioaren xedeak. Kultura, artea, hirigintza, turismoa eta ekonomia arloetako emaitzek ahalegin koordinatua egitera bultzatzen dute. Gainera, bi erakundeon filosofian bisitarien partaidetza aktiboa ezinbestekoa denez, aurreikusitako proposamenetako batzuk eurei bideratuta daude.

% 20ko beherapena sarrera bateratuarekin
Arabako ARTIUM eta Katedral Zaharraren artean bisitarien jarioa bultzatzea du helburu sarreren inguruan onartutako neurriak: ekainaren 1etik aurrera bi guneak bisitatzen dituztenek beherapena izango dute sarrera bateratua erostean. Sarrera bateratua bi sarreren batuketa baino % 20 merkeagoa da. Bi kultur guneak bisitatzeko sarrera bakarrak 4 euro balioko ditu, eta bisitaldia batean zein bestean hasi ahal izango da. Sarrera biak aparte erosiz gero, bi guneak bisitatzen dituztenek 5 euro ordaindu beharko dituzte.

Bisitaldia Arabako ARTIUMen hasten duten turistek 3 euroko txartel arrunta eskuratu ahal izango dute Museoan, eta ondoren euro bakarra ordaindu beharko dute Santa Maria Katedrala bisitatzeko. Bisitaldia Katedral Zaharrean hasten dutenek, berriz, 2 euroko txartel arrunta erosiko dute, eta gero ARTIUMen sartzeko beste 2 euro ordaindu beharko dituzte. Sarrerek astebeteko balioa izango dute, eta beherapena lortzeko txartela erakutsi beharko da. Bazkide, erretiratu, eskola-talde eta abarrek ez dute beherapenik izango, bestela ere abantailak baitituzte sarrerak erosterakoan.

Era berean, kultur proiektuetako bakoitzarekin lotura dutenek abantailak izango dituzte bi erakundeetan, hala nola, dendetako gaiak, argitalpenak, katalogoak... eskuratzean edota % 50eko beherapena sarrera bakoitzean. Halako neurriekin bi kultur guneek bisitariei eskaintzen dizkieten zerbitzu eta abantailak ugaritu nahi dira, eta era berean proiektu bakoitzarekiko eta adierazten dutenarekiko gizartearen lotura areagotu nahi da.

Cookieak darabiltzagu gure zerbitzuak hobetzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, horien erabilera onartutzat hartuko dugu zure aldetik. Onartzen dut | Informazio gehiago