Gaurkotasuna

Prentsa-oharrak

06/09/2002

23.000 bisitari bisita-programaren erdia burutu denean

2002/09/01 Lehen lau hilabete honetan 23.000 bisitari baino gehiago etorri dira tenplu gotikoa ikustera.

2002/09/01 Gasteizko Santa Maria katedrala zaharberritzeko lanek eta bertan egiten ari diren indusketa arkeologikoek sortarazi duten interes bizia agerian geratu da Bisita Gidatuen Hirugarren Programaren erdia burutu denean. Lehen lau hilabete honetan 23.000 bisitari baino gehiago etorri dira tenplu gotikoa ikustera; aurreikusita zegoen kopurua erabat gainditu da. Iaz baino askoz ere bisitari gehiago izan ditugu, gainera: 28.573 bisitari zazpi hilabetetan.

Vital Kutxaren babesaz gauzatzen ari den Bisita Programaren aurtengo edizioko eskaintza erakargarria izan da horrenbeste bisitari etortzearen arrazoia. Katedral Zaharrak aurretik zituen ezaugarriez gain, plataforma ikusgarri bat ezarri dugu aurten, indusketen eta eraikinaren barrualdearen ikuspegi paregabea izateko.

Aipatu bezala, 50 herrialdetako 23.000 bisitari baino gehiago izan ditugu, 6.000 abuztuan: estatu batuetakoak, alemanak, italiarrak, britainiarrak eta frantsesak izan dira nagusi. Estatuko turismoari dagokionez, gorabeherak egon dira aurreko bi ekitaldiekiko eta arabarren ehunekoak behera egin du: %70etik %45era. Hala ere, zenbateko absolutuei bere horretan eutsi zaie, beste autonomia-elkarteetako turisten kopurua handiago izan delako.

Zaharberritze-proiektuak lortutako oihartzuna eta hainbat jardueraren bidez turismoa sustatzeko egindako ahalegina ditugu gorakada horren iturburuak. Santa Maria katedrala zaharberritzeko lanen entzuteak hiriko mugak gainditu ditu, besteak beste, antolatu diren nazioarteko biltzar eta mintegiei, estatuko komunikabideetan sortutako interesari eta turismo-erakusketa nagusietara (Madril, Bartzelona eta Bilbokoetara) bidalitako ordezkaritzei esker.

Bestalde, bizkaitar eta gipuzkoarren kopuruak bereziki aipatzeko modukoak dira, ia 3.500 bisitari heldu baitzaizkigu bi lurralde horietatik. Madril eta Katalunia izan dira turista gehien bidali dizkiguten bigarren autonomia-elkarteak, baina aurten gure inguruko lurraldeetatik (Nafarroa, Errioxa, Aragoi, Kantabria eta Gaztela-Leonetik) askoz ere bisitari gehiago heldu zaizkigu. Andaluziatik eta Valentziatik ere, Euskal Herritik urruti dauden arren, nahikoa turista etorri da gure artera.

7.000 bisitari baino gehiago abuztuan
Abuztuan tenplu gotikoak bisitari ugari hartu zituen: 7.000tik gora, hau da, egunean batez beste 200 bisitari, eta eguneko 150 bisitari zeuden aurreikusita. Katedralean egiten ari diren lanak ikusteko bisitak direnez eta horren kalitatea mugatu nahi ez zenez, 150eko muga jarri zen. Dena den, malgutasun-irizpideak aplikatzen dira, inortxo ere gera ez dadin Katedrala ikusi gabe. Arrazoi hori dela eta, joan den hilean aurreikusi baino talde gehiago egin ziren.

Bisitak sei hizkuntzatan egiten dira. Turisten %10ak euskara erabili du ibilbidea egiteko. Azalpenak gaztelaniaz, ingelesez, frantsesez, alemanez eta italianoz ere ematen dira. Bisitariek inkestan adierazi dutenez, "oso gustura" geratu dira, zaharberritze eta arkeologia-obrak zuzenean ikusteko esperientziagatik, eta azpimarratu dute "munduan parerik ez duela".

Bisiten Hirugarren Programa abenduaren 31n bukatuko da, eta jada 3.000 erreserba baino gehiago daude eginda. Hitzordua nahi dutenek, 945 255 135 telefono bidez edo www.catedralvitoria.com bidez eska dezakete.

Cookieak darabiltzagu gure zerbitzuak hobetzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, horien erabilera onartutzat hartuko dugu zure aldetik. Onartzen dut | Informazio gehiago