Gaurkotasuna

Prentsa-oharrak

16/10/2002

Kultura-Ministerioak lanen kalitate aparta nabarmendu du

2002/09/26 Estatuko Idazkariak adierazi duenez, Plangintza Nagusia "eredugarria da Kultur Ondarearen berreskurapen".

2002/09/26 Santa Maria Katedrala Fundazio gasteiztarrak bertako tenplu gotikoa Osorik Zaharberritzeko Plangintza Nagusia aurkeztu zuen irailaren 26an, Arte Ederren Zirkuluan. Aurkezpen-ekitaldi sozialean Kultura Ministerioaren errekonozimendua jaso zuen. Estatuko Idazkariak, Luis Alberto Cuencak, Katedral Zaharra berreskuratzeko lanen "kalitatea aparta" dela nabarmendu eta egiten ari diren jarduerak "Kultur Ondarearen berreskurapen eta kudeaketaren alorrean eredugarriak direla" esan zuen.

Kultura Ministerioarena ez da izan, ordea, errekonozimendu bakarra, aurretik ere hainbat alor akademiko, zientifiko eta unibertsitariok gorespen-adierazpenak egin baitituzte. Santa Maria Katedralak kalitatearen alde egin duen apustua nazioarteko aditurik onenek aitortu dute; izan ere, "Europan eraikin historikoak berreskuratzeko gauzatzen ari diren lanen artean onenetakoa dugu".

Santa Maria Katedrala Berritzeko Plangintza Nagusian tenplua zehatz-mehatz aztertu da bere osotasunean, batetik, zein arkeologi patologia dituen ikusi eta konponbide eraginkorrak aurkitzeko, eta bestetik, hirigune historikoan zituzten funtzioak eta esanahi sinbolikoa berreskuratzeko.

Plangintza Nagusia bi urteko lan (1996-1998) nekezaren emaitza izan da. Leandro Cámara eta Pablo Latorre arkitektoa eta Agustín Azkarate, Euskal Herriko Unibertsitateko arkeologi katedraduna buru-belarri aritu dira, Juan Ignacio Lasagabaster arkitektoak koordinaturik. Lasagabaster jauna Arabako Foru Aldundiko Historia eta Arkitektura Ondarearen zerbitzu-burua da.

Lanen garrantzia kontuan hartuta, Santa Maria Katedrala Fundazioak, Gasteizko Udalak eta hiriko Gotzaindegiak argitaratzea erabaki zuten, zientzialariek ezagutu zezaten. Ildo horretan aipatzekoa da, bestalde, Santa Maria Katedrala Fundazioa, Arabako Foru Aldundiak sortutako erakundea, izango dela berrikuntza-lanen arduraduna. Hurrengo abenduan, nazioarteko aditurik onenen aitorpena jasoko du Erromako Cervantes Institutuan.

De Cuencak hizpide dugun dokumentua "lan bikaina" dela adierazi zuen, eta halaber, "Espainiako monumentu-ondarean daukagun tresnarik zorrotz eta biribilenetakoa". Bere hitzetan "Lanaren edukia eredutzat hartu behar dugu gure ondareari eusteko. Dokumentu horrek asko esaten du Espainian berreskuratze-lanetan dihardutenen alde, eta euren bidea urratzera animatzen gaitu".

150 lagun inguru bildu ziren Plangintza Nagusiaren aurkezpen-ekitaldian, eta Kulturako estatu-idazkaria izan zen bertan. Era berean, honako hauek ere hartu zuten parte: Ramón Rabanera Arabako ahaldun nagusiak, Herrilan eta Hirigintzako foru-diputatu eta Arabako Foru Aldundiko lehendakari Antonio Aguilarrek, Gasteizko Udaleko hirigintza-zinegotzi eta Fundazioko lehendakariorde Jorge Ibarrondok, eta Plangintza Nagusiaren koordinatzaile Juan Ignacio Lasagabasterrek. Azken horrek egileen izenean hitz egin zuen.

Katedral Zaharra (halaxe deitzen diote gasteiztarrek) berritzeko lanen helburua ez da euste-arazo sekularrak dituen XIII. mendeko tenplu gotiko honen arkitektura lehenera ekartzea soilik. Izan ere, monumentu horren harri bakoitza eta inguruneak gasteiztarren historiaren lekuko ditugu.

Plangintza Nagusiak 800 orriko bi liburukitan eta monumentuaren kartografia osoari dagozkion 27 planoak dituen karpetan dago jasota. Berreskuratze-lanei bi ikuspegitatik heldu zaie. Arkitekturaren ikuspegia, bere zentzurik zabalenean, eta ikuspegi dinamizatzailea uztartu dira, ikuspegi dinamizatzaileak gizartean, hirigintzan, turismoan, zientzian, prestakuntzan, kulturan, sinbologian eta alderdi espiritualean izango diren ondorioak hartzen baititu bere baitan.