Gaurkotasuna

Prentsa-oharrak

19/11/2002

300 adituk zaharberritzeko lanak aztertuko dituzte

2002/11/19 Espainiako eraikin historikorik berezienak berreskuratzeko lanak ikuspegi ugaritatik landuko dituzte.

2002/11/19 Zer ari da gertatzen? Horixe izango da azaroaren 21etik 24ra bitartean, Gasteizen (Europa Kongresuen Jauregian), monumentuen zaharberrikuntzako aditurik onenak bilduko dituen kongresuaren abiapuntua. Partal Akademiak (Monumentuak Zaharberritzeko Profesionalen Erakunde Libreak) deitutako eta Santa María Katedrala Fundazioak antolatutako kongresua izango da. Monumentuak Zaharberritzearen inguruko Bigarren Biurtekoak programa zabala du, eta besteak beste, Eraikitako Ondarea berreskuratzeaz arduratzen diren profesionalek euren lanaren alderdiak eta gorabeherak aztertuko dituzte.

Kongresuan 300 bat espezialistak hartuko dute parte, eta guztira 50 txosten eta komunikazio baino gehiago aurkeztuko dituzte. Ildo horretatik, Bigarren Biurtekoak bete-betean erantzun nahi die berriztatze-lanetan parte hartzen duten profesionalek diskurtso metodologikoan aurre egiteko duten beharrari. Era berean, adituen lana, gero eta espezializatuagoa, gizarteak nola ikusten eta bereganatzen duen ere izango dute aztergai, kontuan hartu behar baita gizarteak profesionalen esku uzten duela, gero eta fiskalizazio handiagoz utzi ere, Kultur Ondareak berreskuratzeko ardura.

Txostengileek, euren lana baldintzatzen duten faktoreak eztabaidatu eta azaltzeaz gain, esku-hartze jakin batzuei lotutako alderdiak aztertuko dituzte, eta azterketa horretan Espainiako Kultur Ondarearen sinbolorik garrantzitsuenetan egin diren esku-hartzeei erreparatuko diete nagusiki: Granadako Alhambran, Kordobako mezkita-katedralean, Valentziako Almirantearen Bainuetan eta Santa Catalinako Dorrean, Huescako Sigenako monasterioan, Saguntoko antzoki erromatarrean, Galiziako multzo historikoetan... izan diren esku-hartzeei, alegia. Italian eta Marokon egindako hainbat berreskuratze-lan ere aztertuko dituzte.

Hizpide izango dituzten gaien artean, Arabako Kultur Ondarea berreskuratzeko lanei ere tarte zabala eskainiko diete, eta garrantzi berezia emango zaie Santa María Katedralaren berriztatzeari, Las Nieves egoitza zena Arabako Kanpuseko liburutegi nagusi bihurtzeko egindako lanei eta Añanako Gatzagetako Bailara Gazia kontserbatzeko antolatu diren lehen ekimenei.

Bigarren Biurtekoak desberdinak baina aldi berean osagarriak diren bi ikuspuntutatik jorratuko du monumentuen zaharberritzea: "Monumentuak zaharberritzeko lanetan eragina duten faktoreak" eta "Monumentuen zaharberrikuntzako teoriak eta praxia gaur egun".

Partal Akademia

Partal (Monumentuak Zaharberritzeko Profesionalen Erakunde Librea) akademiak antolatu du kongresua, eta espezialista saiatu bezain ospetsuak bildu ditu (arkeologoak, arkitektoak, historialariak, ingeniariak, zaharberritzaileak, eraikitzaileak, etab.). Guztiek urteak daramatzate monumentuen zaharberrikuntzaren nondik norakoen eta metodologiaren inguruko esperientziak elkartrukatu eta eztabaidatzen. Akademiak ere bere garaiko zaharberritze-lanik garrantzitsuenetako baten izena du: Leopoldo Torres-Balbas arkitektoak Granadako Alhambrako Partal Jauregiaren egindakoarena, alegia.

2000. urtea ezkero, Partal Akademiak aldian-aldian antolatzen ditu topaketak. Urte hartan Monumentuen Zaharberrikuntzari buruzko Lehen Biurtekoa antolatu zuten, Llobregateko L´Hospitalet-en. Topaketek iritzi eta esperientziak bildu, trukatu eta zabaltzeko foro nagusia nahi dute izan. Aurten, Gasteizen egingo dira jardunaldiak, Europa Kongresu Jauregian, azaroaren 21etik 24ra bitartean.

Europako Jauregiko topaketak osatzeko, jardunaldietan parte hartuko dutenek Santa Maria Katedrala eta Artium museoa bisitatuko dituzte. Santa Maria Katedralera ostegunean, hilaren 21ean, joango dira, 19:00etan, eta Artium museora, berriz, ostiralean, hilaren 22an, 20:00etan. Bisita gidatuak izango dira eta gidariak obra horien arkitekto arduradunak. Bigarren Biurtekoari amaiera emateko, Añanako Gatzagetako Bailara Gazian ibilbide gidatua egingo dute, igandean, hilak 24, 09:30etan. Ibilbidean zehar, bertan egindako lanen berri emango diete kongresuko partaideei.