Gaurkotasuna

Prentsa-oharrak

10/02/2003

Bryce Echenique Planeta sariak Katedrala bisitatu du

2003/02/10 Peruko idazleak "Katedraleko Topaketak" kultur ekitaldietan hartu zuen parte Hispanoamerikako tenpluei buruzko hitzaldia eskainiz.

2003/02/10 Planeta Saria irabazi berri duen Alfredo Bryce Echenique idazle perutarrak hitzaldia eskaini zuen otsailaren 10ean, Gasteizen, Santa Maria Katedrala Fundazioak gonbidatuta. Hitzaldia Printzipal antzokian egin zuen, "Katedraleko Topaketak" literatur jardunaldien barruan.

Beste hainbat idazle bezala, Bryce Echenique liluraturik gelditu zen Katedral Zaharra berritzeko egindako lanekin. "Txundituta nago. Historiari eginiko bisita izan da. Garai bakoitza ikusi dut, baita haren gutiziak ere", adierazi zuen pozez, Fundazioko arduradunekin egin zuen ibilbidearen amaieran.

Peruko eleberrigilearen arabera, Santa Mariako elizan bizi izandako esperientzia "katedraleko berezitasunetan zehar eginiko ibilaldi paregabea izan da". Ildo horretatik, Fundazioak eliza berritzeko egindako lana goraipatu zuen idazleak, izan ere, normalean berrikuntza-lanak "arkitektoek, igeltseroek eta obra maisuek baino ez dituzte egiten", Gasteizen berriz, "beste batzuk ere inplikatu dituzte, hala nola, soziologoak, arkeologoak eta antropologoak".

700 lagun baino gehiago bildu ziren Echeniqueren hitzaldian, "Contextos de nuestra América" izenekoan, eta idazlea Hispano Amerikako katedralei buruz mintzatu zen. Aitzitik, Santa Marian egindako pausuen garrantzia ere goraipatu zuen, katedralari ospea eta nagusitasuna itzultzeko balioko dutelako. "Berritze-lana merezitako balorea eta ospea ari da hartzen Europan eta mundu osoan, egin diren hanka-sartzeak gorabehera" adierazi zuen.

Bosgarren idazlea
Gaztelerazko idazle entzutetsuenetakoa da Echenique eta Planeta Saria jaso du "El huerto de mi amada" eleberriarekin. Eleberriak 50-60ko urteetan, idazlearen gaztaroko Liman, gertatutako iniziazioko istorio bat kontatzen du. 17 urteko gazte batek "Siboney" kanta entzungo du Stanley Black-en ahotik, eta une horretatik aurrera, pasioz betetako maitasun-harremana biziko du bera baino nagusiagoa den emakume batekin.

Santa Maria Katedralaren inguruan antolaturiko hitzaldiek estatuan piztu duten interesa dela eta onartu zuen Bryce Echeniquek Fundazioaren gonbita. Echeniqueren aurretik nazioarteko hainbat idazle entzutetsuk eman dituzte euren azalpenak, hala nola, Ken Follett, Rosa Regás, Julio Llamazares eta Eduardo Mendozak. Planeta saria irabazi duen idazleak sortutako ikusmina dela eta, oraingoan Printzipal antzokian izan da hitzaldia. Mario Vargas Llosak ere parte hartuko du baina oraindik data zehaztu gabe dago.

Alfredo Bryce Echenique 1939ko otsailaren 19an jaio zen Liman (Peru). Familia aberats eta ospetsuko semea zen eta letretako ikasketak burutu zituen San Marcoseko Unibertsitatean. 1964an Parisa joan zen eta Sorbonako unibertsitatean doktoratu zen. Irakasle aritu zen urte batzuetan unibertsitate horretan eta Vincennes eta Montpellierreko unibertsitateetan. Gero Madrila joan zen.

1968an lotu zitzaion literaturari "Huerto cerrado" ipuin-bildumarekin. Lana urte horretan argitaratu zuen eta "Concurso Casa de las Américas" (Kuba) lehiaketan aipamen berezia jaso zuen. Lehen eleberria, "Un mundo para Julius", 1970ean argitaratu zuen eta ospe handia lortu zuen.

Bere biografian hainbat titulu aipagarri daude, hala nola, "Tantas veces Pedro" (1978), "La vida exagerada de Martín Romaña" (1981), "El hombre que hablaba de Octavia de Cádiz" (1985), "No me esperen en abril" (1995), edo berrienak "Reo de nocturnidad" eta "La amigdalitis de Tarzán". Saritutako lanean bezala, horietan guztietan Bryce Echeniquek biografiako eta eleberrietako elementuak nahasten ditu, prosa arin eta atseginaren bitartez.