Gaurkotasuna

Prentsa-oharrak

01/05/2003

Obretan eta irekita

2003/05/01 Aurtengo zaharberritze-lanen helburu nagusia zutabeak indartzea den arren, Katedralak beste alderdi ugari ere eskaintzen ditu.

2003/05/01 Gasteizko Santa Maria Katedralaren historian egiturazko arazoak izan dira nagusi. Eraiki zutenetik, XIII. mendetik, gasteiztarrek etengabe borrokatu dute, artearen eta historiaren ikuspegitik balio berezia duen monumentu honek zutik iraun dezan.

Zaharberritze-lanei 2000. urtean ekin genien, eta oraingo hau une erabakigarria da, zutabeak indartu egin behar dira eta. Indusketa arkeologikoen bidez zutabeak nola dauden ikusi ondoren, harginen lana nabarmenduko da tenplua berreskuratzeko funtsezkoa izango den aldi honetan.

Izan ere, horixe duzue Katedral Zaharreko Lanak ezagutzeko laugarren Bisita Gidatuen alderdirik erakargarrienetarako bat. Ekimen hori aitzindaria izan da kultur turismoaren alorrean bai ikuspegiari bai edukiei dagokienez: egitura konplexua eta iraganaren lekukotasun aberatsak dituen eraikin gotiko honetan gauzatzen ari diren arkeologi eta berrikuntza-lanak zuzenean ikusteko aukera dute bisitariek.

Laugarren Bisita Gidatuak guztietan interesgarrienak dira: lanen bilakaera etengabea izango da eta orain arte bisitarientzat itxita egon diren Katedraleko eremu batzuk ireki egingo ditugu. Santa Mariak inoiz ez bezala erakutsiko dizkigu bere sekretuak.

Aurtengo zaharberritze-lanen helburu nagusia zutabeak indartzea den arren, Katedralak beste alderdi erakargarri ugari ere eskaintzen ditu.

ZUTABEAK INDARTZEKO LANAK
Erdiko eta alboetako nabeetan indusketa arkeologikoak burutu ditugu, eta orain zutabeak indartu (batzuk oso hondatuta daude), arkuak eraiki (oinarriak sendotzeko) eta lurrean egitura berria ezarri behar dugu.
Martxoaren hasieran ekin zieten zutabeak indartzeko lanei. Indusketa arkeologikoetan zutabe batzuk gorabehera larriak zituztela ikusi zuten, baina dagoeneko konpondu dituzte. Lehenbizi harlangaitz-hormez edo eraztun indargarriz estali behar dira eta, gero, kare hidraulikoak sartu behar zaizkie indartzeko.
Baina aurretik, egitura metaliko batzuk erabiltzen dira zutabeei eusteko, kareak solidotu arte oinarriek gainean pisurik izan ez dezaten. Behin zimenduak indartutakoan, harrizko arkuak erabiltzen dira zutabeak trabes eskoratzeko, eta horien gainean ezartzen da behin betiko lurreko forjatua.

BESTE PLATAFORMA BAT GURUTZADURAN
Nabe nagusikoaz gain, antzeko beste plataforma bat ezarri dugu gurutzaduraren gainean. Bada ezpada ere, eremu hori indartu egin nahi izan dugu, indusketa arkeologikoei eta zimenduak konpontzeko lanei arazorik gabe ekiteko. Plataforma berria ezartzeko, gurutzaduraren hegoaldeko besoan zegoen aldamioa kendu egin behar izan dugu.

INDUSKETA ARKEOLOGIKOAK ANDRE MARIAREN PLAZAN
Katedralaren barruan eta inguruetan gauzatutako indusketa arkeologikoen emaitzak ikusita, horretan jarraitzeko asmoa dugu. Baina gurutzadurako lanei heldu aurretik, Andre Mariaren Plazako gainerako eremuetan indusketak egingo ditugu. Plazan, 2000n gauzatutako ekintzei jarraipena emango zaie.

ARKUPEKO ATEETAKO LANAK
Katedraleko arkupea penintsulako arte gotikoaren adierazle garrantzitsua dugu. Kontserbazio-egoera zertan den eta mendeetan zehar zenbat esku hartze izan dituen aztertu ondoren, zaharberritzaileak bigarren faseko lanetan daude murgildurik, eta arkupea berritzen hasi baino lehen, eraiki zutenetik hona izan dituen esku-hartzeen arteko loturak zehaztuko dituzte.

GOTZAINAK EHORZTEKO KRIPTA
Gurutzaduran indusketa arkeologikoak egiteko presbiterioan ehortzita dauden gotzainen hilobiak beste norabait eraman behar direnez, Kristoren kaperaren azpiko kriptan utziko dituzte.