Gaurkotasuna

Prentsa-oharrak

31/07/2003

Bisita gidatuetan ibilbide berria

2003/07/31 Bisitariek Santiago Kaperara joateko aukera izango dute.

2003/07/31 Santa Maria katedralak sekretu berriak azaltzen dizkigu. Aste honetatik, tenplu gotikoko bisita gidatuetan beste ibilbide bat egingo dute esanahi historiko handiko txoko ezezagunak ikusteko. Eremu horiek jendearentzat itxita egon dira hainbat hamarkadatan. Nobedadeen ardatza hegoaldeko gurutzadura da, azken urteotan gogotik jardun baitute lanean hondatutako egiturak konpontzeko.

Bisitariak, estreinakoz, Santiago Kaperan sartu ahal izango dira Erronda Pasabidetik San Prudentzio Kaperara heltzen den eskailera biribiletik. Hamaika aukera izango dituzte: hegoaldeko gurutzaduran ibiltzea (azken asteetan aldamio handi bat dago bertan), Vasterra familiaren hilobiak eta Santa Ana eta Hirutasun Guztiz Santuaren kaperak ikustea, dorrea eta arkupea zaharberritzeko proiektua zehatz-mehatz ezagutzea (koruan dago ikusgai),...

Ibilbide berriaren bidez, Erdi Aroko giroa nagusi den mundu liluragarrian murgilduko dira bisitariak. Hamarkada ugaritan itxita egondako eremuak ikusteko aukera izango dute, lehen aldiz. Eta hori guztia aurtengo lehen seihilekoan gauzatutako jarduera nagusietako bati esker lortu da: gurutzadurako aldamioaren ordez altzairuzko egitura berria ezarri dutelako, hain zuzen.

Orain arte, bisitariek joan-etorri osoa egiten zuten Ingurabidean. Katedralaren kanpoko perimetro osoa egiten zuten San Prudentzio Kaperaraino, eta han, buelta hartu eta tenplu barrura joaten ziren berriro. Ibilbide berrian gauzak bestelakoak izango dira, ordea. Arabako zaindariaren omenez eraikitako aldaretik, Ingurabidearen eta San Bizente elizaren arteko lotura zaharra ezagutuko dute bisitariek, mende erdi baino gehiago itxita eman duen XIV. mendeko eskailera biribiletik jaitsiz.

Eskailera hori oso garrantzitsua da benetan, Ingurabidetik lehenbizi Santiago Kaperara eta gero Katedralera heltzen delako. Santiago Kapera korutik ikustea da ibilbide berriaren aukera erakargarrietako bat. Kaperaren eraikuntzak, Araban XII. mendeko azken hamarkadetan eta XIII. mende osoan San Adrian tunelaren bidez ireki zuten pelegrinazio-bide garrantzitsuarekin du lotura.

Hegoaldeko gurutzadurako aldamioa ordeztu
Santiago Kapera ikusi ondoren, katedralera itzuliko dira eskailera biribiletik. Bertan, hegoaldeko gurutzaduran paseatzeko aukera izango dute: orain dela gutxi arte, aldamio handia zegoen eta gune horretan ere indusketak egingo dituzte. Aldamioa ordeztea lan konplexua izan da, desmuntatu baino lehen bobeda eskoratzeko zinbriari eusten dion egitura berria egin zuten eta.

Bisitariak gurutzaduraren gangaren azpira joan eta hegoaldeko gurutzadura, tenplua eraiki zutenetik kalterik handienetakoak jasan dituen eremua, osorik ikusi ahal izango dute. Gainera, aldamioa kendu ondoren, Santa Ana eta Hirutasun Guztiz Santuaren kaperetan ibiltzeko aukera dago. Hantxe daude hobiratuta Vasterratarrak eta Iñigueztarrak. Hilobiak, XIII. mendearen bukaerakoak, Araban iraun duten garrantzitsuenetakoak ditugu.

Ibilbideko beste eremu berri bat korua da: dorreko eta arkupeko proiektuari buruzko erakusketa dago bertan. Hiru dimentsioko ikus-entzunezkoen eta panel batzuen bidez, bisitariek Santa Maria Katedraleko gune adierazgarri horietarako proposatu den konponbidea zehatz-mehatz ezagutuko dute.

Esperientzia paregabe honetan parte hartu nahi dutenek jadanik erreserba egin dezakete 945 255 135 telefonoan edo www.catedralvitoria.com gunean. Katedral Zaharra asteko egun guztietan egongo da irekita 11:00etatik 14:00etara eta 17:00etatik 20:00etara. Sarreraren prezioa bi euro ingurukoa izango da.