Gaurkotasuna

Prentsa-oharrak

15/02/2004

Pérez-Reverteren gorespen-hitzak berreskuratzeko lanez

2004/02/15 Idazle eta kazetariak artikulu luzea eskaini zion 2004ko otsailaren 15eko "El Semanal" aldizkarian.

2004/02/15 Ohituta nago, halabeharrez, egun batetik besterako adabakien artean bizitzera, mundu guztia behin-behinekotasunean murgildurik ikustera. Datorrena datorrela, ohituta nago halaber berehalako errentagarritasuna ematen duten dirulaguntza ofizialetara, alkatearen koinatuak diseinatutako kulturara, egunkarietako argazki ziztrina eta biharamuneko teleberriak baino axola ez zaizkien politikariak, alprojak, lotsagabeak, jainkojale leloak, fanatikoak, legebiltzarrean aulkia eta kotxe ofiziala dituzten analfabetoak, agintzen dutenen harrokeria ergela eta inori begia ateratzen uzteko -hori bai, areriori biak ateratzekotan- prest daudenen gorroto itsu suntsitzailea jasatera. Ohituta nago Espainiara, guztia hitz bakar triste batean laburbilduz. Batek hauxe esaten dio batzuetan bere buruari: Tira, ba, goazen denok antzarak ferratzera! Ireki dezatela luzoker-zaporeko meloi zahar hori, egin diezagula kalte den-denok edaten ari garen kafe horrek, sokari tiraka eta tiraka ibili eta hautsi dezatela, astindu dezatela gogotik zuhaitza eta goazen denok, behingoz -edo berriro ere- pikutara. Egin dezala euria barra-barra Sodoman, denok blai eginda uzteko. Esate baterako.

Kontua da, diodan moduan, batek -nik neuk, esateko- horrelako burutazioak erabiltzen dituela aldarte txarrez esnatu eta jaikitzen denean. Baina gero autoa hartu eta, esate baterako, Gasteizera joaten zara. Eta hantxe jaisten zara, katedral gotiko batean, Santa Marian. XIII. mendean hasi ziren eraikitzen batzuk, Espainian, halako batzuen ustez inoiz existitu ez den Espainia honetan: gogorra da gero! Eta batera eta bestera zoaz, Europan XXI. mendean egingo den zaharberritze-proiekturik garrantzitsuenetako eta puntakoenetako baten bidez konpontzen ari diren leku hau txokoz txoko ikusteko. Hiritarrek, pozaren pozez, erabateko babesa eman diete lanei. Ingurura begira zaudela, horra zer bururatzen zaizun bat-batean: motel, beharbada lehengo burutazioak erokeriak izan dira, eta euri-jasen kontua eta blai egitearena... neurriz kanpokoa; eta ez dakit ba, agian Sodoman egongo dira hamar lagun zintzo, eta beste horrenbeste Gomorran, edo edonon. Eta azkenean, kontua da leku guztietan dagoela benetan merezi duen jendea, hiritar jatorrak, duinak, jaun onak nahi dituzten basailu zintzoak. Eta aukera ematen zaienean, eta gauzak azaltzen zaizkienean, eta mendebaldeko kulturarentzat ezinbestekoak diren ez dakit nongo ehun poeten lanen luxuzko liburua kaleratzeko dirulaguntzak eman beharrean edo Madonnari badakit nongo tomatearen jai xelebrean kantatzeko -argi ibili, turismo-interesekoa omen da eta- sekulako dirutza ordaindu beharrean, oroimenean, hezkuntzan, benetako kulturan, hitz horren zentzurik zabal eta jatorrenean, inbertitzen bada, orduan jende on hori guztia esnatu eta erantzuten hasiko da, konprometitu eta solidario eta zoragarri bihurtuko da. Eta azken aldian berezko esanahi zintzoa horrenbeste zikindu diegun hitzek hasierako zentzua berreskuratuko dute: bizilagun, auzokide, hirikide. Aberkide.

Zatozte Vitoriara -edo Gasteizera, euskal izen zahar noblea nahiago baduzue- gure herri honekin, kontu zaharrez eta zikinkeriaz betetako Espainia honekin, bakeak egiteko premia baldin baduzue. Hemen ikusiko duzue katedralak eta inguruneak berreskuratzeko proiektua, talentua eta asmo ona egonez gero, nola bihurtzen diren historia bertatik bertara ezagutzeko irakasgai. Aspaldiko garaietara atzera egiteko bisitaldi gidatuetan, geruzaz geruza, zer izan ginen ikusiko duzue zer garen eta, uzten badigute, agian zer izango garen ulertzeko. Harri zaharren irakaspen objektiboen bidez, gure txoko zahar-zahar honetan, hainbeste arraza, hizkuntza eta kulturaren topa-gune honetan, batzuetan elkar hiltzen aritu ziren eta beste batzuetan elkar hartuz inor hiltzen jardun zuten auzotarren, errege ezgai berberak, fanatismoak jotako fraide berberak, ministro eta erdipurdiko funtzionario berberak nozitu behar izan zituzten hiritarren bizileku honetan, argi ikusiko dugu oroimena berreskuratzea harriak elkarri atxikita iraunarazten dituen zementuari, kareari, dagoen-dagoenean eustea dela; bestela, harriak iragan hilaren hondar sakabanatu intsolidario hutsak lirateke. Eta iraganetik laidoen oihartzunak baino ez litzaizkiguke geratuko. Horregatik, Gasteizko katedraleko aldamioen, zimendu biluztuen eta lur-zoruko antzinako hilobi irekien artean zaudela, proiektu paregabe honen ardura duten arkitekto eta arkeologoek hain zentzu onez ezarritako ibilbidean barrena, elkartasun eta harrotasunez betetako zirrara batek astintzen zaitu, zeure oroimenean zehar baitzabiltza. Eta zeu ere beste harri bat zarela sentitzen duzu, beste harriak bezain beharrezkoa Espainia deritzon -nolabait deitu behar diogu eta- katedral zahar pitzatu honetan.