Gaurkotasuna

Prentsa-oharrak

11/11/2004

Arkupea 2005. urtearen amaierako zaharberrituko dute

2004/11/11 Arkupea kaltetu duten arazoak konpontzeko eta erantsi izan zaizkion kolore-geruza guztiak zaindu eta gordetzeko lanei ekingo diete.

2004/11/11 Santa Maria Katedralaren arkupeak bere dotorezia eta distira berreskuratuko ditu datorren urtea bukatzerako, orain hasiko dituzten zaharberritze-lanak burutzen dituztenean. Hastear den zaharberritzearen fase honetara iritsi aurretik ikertzaileek eskulturen eta polikromien gaineko ikerketa-lan sakona egin dute. Erabili duten metodologiagatik eta aztertu duten monumentu-multzoa kontuan hartuta, ikerlana aitzindari izan da.

Lan horren emaitzek arkupearen erradiografia osatu eta monumentuak historiako une bakoitzean izan duen itxura erakusten dute. Zaharberritze-lanak jendaurrean egiteko ildoari eutsiz, datozen hamabi hilabeteetan Santa Maria Katedralera hurbilduko diren bisitariek bertatik bertara ikusiko dituzte arkupea saneatzeko eta lehengoratzeko lanak. Bisitaldiko gidarien azalpenekin batera irudien proiekzioa eskainiko diete, zaharberritze-proposamena eta emaitzak oso era grafikoan erakusten dituena.

Prozesuaren barruan hiru lan nagusi burutuko dituzte: narriadura-arazoak konpontzea, kolore-geruza guztiak gorde eta zaintzea, eta 1960-1967. urteen bitartean egindako esku-hartzea ezabatzea. Modu horretan, azken esku-hartze horrek ezkutatu zuen landutako harrizko lan bikaina agerian geldituko da.

Ez da inolaz ere arkupea berriro polikromatuko. Dena den, polikromien inguruko ikerlanen emaitzak ikusgarriak izan direnez eta informazio ugari ekarri dutenez, arrasto zaharrenak kaltetu gabe arkupeak beste garai batzuetan izan zuen itxura erakusteko irudimenezko konponbideak eraman ahal izango dira aurrera. Ildo horretan, Santa Maria Katedrala Fundazioa argien bidez historiako garai bakoitzean eskulturek izan dituzten koloreak erakusteko sistema konplexua erabiltzeko aukera lantzen ari da.

Arkitekturako eta arkeologiako lanekin batera, Santa Maria Katedrala osotasunean konpontzeko lanen barruan funtsezko osagaia da arkupearen zaharberritzea. Arkupearen errestaurazio artistikoari buruzko proiektua zehatz-mehatz ezagutu nahi baduzu sakatu hemen.