Gaurkotasuna

Prentsa-oharrak

04/11/2009

Santa Maria eta Nidarosko katedralek (Norvegia) monumentuak berritzeko eta kudeatzeko lan metodologiak partekatu dituzte

2009/11/04 Nidarosko katedrala Norvegian gehien bisitatzen den monumentua eta Europako iparralderago kokatutako katedral gotikoa da. Gaur egun birgaituta dago, oraindik martxan jarraitzen duen ehun urteko berriztapen prozesua izan ondoren



            Gasteizen, 2009ko azaroaren 4an.- Santa Maria eta Nidarosko (Norvegia) katedraletako ordezkariek monumentuak berritzeko eta kudeatzeko lan metodologiak partekatzeko topaldia izan dute joan den asteburu honetan. Norvegiatik etorritako berrogeita hamar bat pertsonek Gasteizko proiektua ezagutzeko aukera izan dute; izan ere, monumentuaren etengabeko kontserbazioaren ideiari dagokionez haien proiektuaren oso antzekoa da Gasteizkoa.   Santa Maria Katedralaren kasuan bezala, Nidarosko katedrala ere Katedraletako eta Elizetako Arkitektoen Europako Elkarteko kide da, Alemaniako ia katedral guztiak bezala. Elkarte horretan Suitza, Austria, Txekiar Errepublika, Polonia, Frantzia eta Britainia Handiko katedralen ordezkaritza zabala ere biltzen da.
           Nidarosko katedrala Trondheimen dago, eta Europako iparralderago dagoen Erdi Aroko katedral gotikoa izateaz gain, nazioarteko erromesentzako eliza garrantzitsua ere bada. 1070 eta 1320 urteen artean eraiki zen, eta gaur egun oso berrituta dago ehun urteko zaharberritze-prozesua izan ondoren; prozesu horrek oraindik martxan jarraitzen du. Trondheimgo eliza luterano izenez ere ezagutzen da, eta Norvegiako monumentu historiko nagusienetakoa da, ikur kulturalaren maila ere jaso duena.   
Monumentuaren antolaketa- eta kudeaketa-egiturak orain dela hogeita hamar urte baino gehiagotik zaharberritze-zuzendaritza du, arkitekturaren arlo guztiaz eta hargintza, zurgintza edo beirateen inguruko tailer finko ugari antolatzeaz arduratzen dena, besteak beste, eta baita ikerketa lerro bat irekita eusteaz ere.  Horrez gain, kudeaketa ekonomikoaz, kulturalaz, bisita gidatuaz edo musika-kaperaz arduratzen den beste arlo bat ere badu.   Norvegiako katedraletik etorritako 45 pertsonako taldea, tartean arkitektoak, zaharberritzaileak, gidak eta langileak, Santa Maria Katedrala Fundazioko langileekin bildu da, proiektua ezagutzeko eta tenpluaren zaharberritzeari eta kudeaketari buruzko informazioa trukatzeko.  Topaketa oso emankorra izan da bi aldeentzat, Santa Maria Katedrala Fundazioko zuzendari gerente Juan Ignacio Lasagabasterren hitzetan, Norvegiako tenpluaren zaharberritzea ulertzeko modua "Santa Mariarenaren oso antzekoa delako. Hasi eta bukatzen den proiektuaren ideiatik, monumentua bizitza osoan zehar kontserbatu eta zaindu behar den zerbait dela pentsatzera pasatzen da".  "Sentipen hori daukagu herritarrek erabiltzen dituzten eraikinak direlako. Hiriko ikur gisa jasotzen dituzte, kontserbatzeko eta erabiltzeko modu hiria identifikatzeko zerbait da, harro sentitzekoa" gaineratu du.