Gaurkotasuna

Prentsa-oharrak

23/03/2010

Done Jakue Bidea izango da Santa Maria Katedrala Fundazioak antolatutako tailer didaktikoen edizio berri honetako protagonista

2010/03/23 Datorren larunbatean, martxoaren 27an, goizeko 10:30etatik 13:00etara egingo da eta ohiko arropaz jantzitako Bideko erromesaren irudia egingo dute.
  Gainera, Pazko-astearekin bat etorriz, ohiko aisialdi-jarduerak egingo dira apirilaren 6an, 7an, 8an eta 9an.

 

             Vitoria-Gasteiz, 2010eko martxoaren 23a.- Done Jakue Bidea izango da Santa Maria Katedrala Fundazioak antolatutako tailer didaktikoen edizio berri honetako protagonista. Larunbat honetan, martxoaren 27an, egingo da tailerra, eta guztiz berria da: Donek Jakue Bidea zer den ikasteaz gainera, Katedralean utzitako arrastoak ezagutuko baitituzte haurrek.
2010. urtea Urte Santua da. Horregatik, oroipen horri eta, bereziki, Done Jakue Bideari eta Bidearen hiriko zatiari eskaini zaio Santa Maria Katedrala Fundazioak hilero antolatzen duen haurrentzako tailerra . Ohi bezala, 8 urtetik 11 urtera arteko haurrei zuzendutakoa da eta, ikasteaz gainera, jolastu eta ondo pasatzeko antolatu da.
Tailerra elebiduna (euskara-gaztelania) izango da eta goizeko 10:30etan hasi eta eguerdiko ordu bata arte iraungo du. Katedrala barrutik eta kanpotik bisitatuz hasiko da. Hainbat puntutan, zenbait aspektu azalduko dira, hala nola Done Jakue Bidearen historia laburra edo Santiago Apostoluaren historiaren errepaso laburra. Gainera, bideak eta beren adarrak, atzoko eta gaurko erromesen ezaugarriak, Bideak Katedralean utzitako arrastoak edo hiri barruko edo kanpoko seinaleztapena ezagutuko dituzte.
Beste tailerretan egin moduan, birziklatutako materialak oinarri hartuta egingo da jarduera plastikoa. Ohiko arropaz (kapa, kapela, makila...) jantzitako Bideko erromes baten figura egingo dute partaideek, ur-botilekin, kolorezko kartoi meheekin, feltroarekin eta jogurt-potoekin.
Tailerrak 3 euroko prezioa izango du, 1 euro Katedralaren Fundatzaileen Zirkuluko bazkideentzako edo bazkideen seme-alabentzako. Plazak mugatuak direnez, aldez aurretik egin behar da erreserba, Bisitariak Hartzeko Zentroan (Burulleria plaza) edo 945 25 51 35 telefono zenbakira deituta.
  
Aste Santuko aisialdi-jarduerak

Halaber, Aste Santuko oporraldiarekin bat eginez, aisialdi-jarduerak izango dira apirilaren 6an, 7an, 8an eta 9an. Tailerren antzera, aisialdi-jarduerak elebidunak izango dira, eta 8 eta 11 urteko haurrei zuzenduko zaizkie. Lau egun horietan, Aste Santuarekin, elizarekin eta, bereziki, Katedralarekin lotutako hainbat erabileren, ohituren eta tradizioen jatorria ezagutzea eta ulertzea du helburu. Gainera, tenplu baten barruan orientatzen eta hura osatzen duten zatiak ezagutzen erakutsiko zaie, eta hainbat estiloren (erromanikoa, gotikoa...) arteko oinarrizko aldeak ere ikasiko dituzte. Azken buruan, gaztetxoenei hurbildu nahi zaie ondarea.
 
Lehen egunak 'Katedralaren ahotsa' izena izango du eta tenpluko kanpaiak ezagutuko dituzte. Kanpaien neurriak, fabrikazio-teknikak eta funtzioak edo Aste Santuan eurak erabiltzeko debekua. Kanpaiak berreskuratzeko beharraz hausnartuko dute. Balio artistiko handiko piezak izateaz gainera, herrietako eta hirietako bizitzan funtsezko elementuak baitira. Tailerrean, partaide bakoitzak igeltsuzko kanpai bat egingo du, molde batekin. Bakoitzak nahi bezala apainduko du, izendatu eta inskripzio bat ere jarriko dio.
 
Bigarren egunean, Pazko-arrautzen tradizioan murgilduko dira bete-betean: 'Pazko-arrautza galdua' izenburupean, arrautzak oparitzeko tradizioa zergatik eta nondik datorren ikasi eta Aste Santuarekin zer harreman duten ezagutuko dute. Tailerrean, haur bakoitzak bere arrautza apainduko du. Hirugarren egunean, Done Jakue Bidea izango da gai nagusia. Horrela, Bidea zer den edo Katedralean zein arrasto utzi dituen ezagutuko dute partaideek, eta ohiko arropaz jantzitako erromesa egingo dute.
 
Azkenik, azken egunean, 'Hiru Katedralen Ibilbidea' jarduerarekin, arkitektura estiloak errepasatuko dituzte haurrek eta, antolatu den bisitaren bidez, Armentiako basilika -gure lurraldeko "lehen katedrala"-, Maria Sortzez Garbiaren Katedrala eta Santa Maria alderatuko dituzte.
 
Jardunaldien prezioa 24 eurokoa izango da, 18 eurokoa Zirkuluko bazkideentzat edo bazkideen seme-alabentzat. Hemengo plazak ere mugatuak direnez, aldez aurretik egin behar da erreserba, Bisitariak Hartzeko Zentroan (Burulleria plaza) edo 945 25 51 35 telefono zenbakira deituta.