Gaurkotasuna

Prentsa-oharrak

07/06/2010

Sorkun abeslari gipuzkoarraren errezitaldi akustikoa eta intimista eskainiko du Santa Maria Katedralak larunbatean

2010/06/07 Katedraleko dendan (Eskola kalea, 11) eros daitezke sarrerak asteazkenetik aurrera 5 euroren truke

             Vitoria-Gasteiz, 2010eko ekainaren 7a.- Sorkun etorriko da datorren larunbatean Santa Maria Katedralera. Proposamen akustikoa eta intimista aurkeztuko du kantautoreak tenpluaren ataria bezalako eszenatoki egokian. Asteazken honetan jarriko dira sarrerak salgai, 5 euroko prezioan.

'Kontzertuan eta Irekita' zikloak, aste honetan ere, musika-eskaintza erakargarria eskainiko du hiriko Hirigune Historikoan. Kasu honetan, Sorkun kantari gipuzkoarraren txanda izango da. Iluntzeko 20:00etatik aurrera, Gorka Sesma eta Iker Alvarez gitarra-joleen konpainian igoko da eszenatokira, bere karrerako abestiak, Bluesaren eskola zaharreko abestiak eta Shemekia Copeland eta Madeleine Peyroux kantarien lanak errepasatzeko.    

Ruper Ordorikaren, Suessatio Taldearen eta Luis Aramburu Musika Eskolako ikasleen emanaldien ostean, kasu honetan, ospe handia eta musika-ibilbide zabala duen artista batengana jo du 'Kontzertuan eta Irekita' zikloak. Sorkun eszenatokian kulunkatzen den bitartean, bere ahots eztiak abestiak biluzik erakutsiko dizkie proposamenaz gozatzera hurbiltzen direnei. Hau da, bere lehengaiekin lanean dabilen artisau baten gisa ikusiko dute Sorkun.

Kashbad taldean hasi zenetik, Sorkunen diskografia-ibilbideko abestirik akustikoenak bilduko ditu emanaldiak. Kashbad, Distantzia, Hesiak, Onna, Dunna eta Sorkun&Vicepresidentes lanetako abestiekin gozatzeko parada izango da, baina, oraingo honetan, beste modu batera eszenaratuko dira. Gainera, Bluesaren eskola zaharreko maisuen abestiekin ere ausartuko da, hala nola Skip James, J.B. Lenoir edo Howling Wolf maisuen abestiak interpretatuko ditu. Baita Shemekia Copeland eta Madeleine Peyroux kantarien bertsio berriagoak ere.

Datorren asteazkenean, ekainaren 9an, jarriko dira sarrerak salgai eta 5 euro kostako dira. Katedralaren dendan (Eskola kalea, 11) soilik eskura daitezke, goizeko 10:00etatik 14:30etara eta 16:30etatik 20:00etara. Aldez aurretik, gaur eta bihar, Katedraleko Fundatzaileen Zirkuluko bazkideek jaso ditzakete beren tiketak. Talde horrek 2 euroren truke eskuratuko ditu sarrerak.