Gaurkotasuna

Prentsa-oharrak

08/06/2010

Arkuei kurbadura itzultzeko, gurutzaduraren barruko bi gangak altxatuko ditu Santa Maria Katedralak, proiektuko lanik bereziena

2010/06/08 Horrela, arazo oso zaharra zuzendu nahi da, dagoeneko 60ko hamarkadako zaharberritzean konpontzeari ekin zitzaiona

Vitoria-Gasteiz, 2010eko ekainaren 8a.- Datozen asteetan, lan zail bati ekingo dio Santa Maria Katedralak, hegoaldeko zeharkako nabearen (gurutzadura) besoko bi gangetan gehiegi deformatutako arkuak konpontzeko eta altxatzeko lanari, hain zuzen ere. Doitasun handiz egin beharreko lana da eta hilabete luzatuko da. Ondorioz, tenpluko bisitaldi gidatuen ibilbideak aldatu beharko dira.
Duela gutxi Kristo Santuaren Kapera zaharberritu ostean, kanpaien dorrea hiriko hainbat puntuetatik ikustea ahalbidetzen duten lanak edo kapitulu-guneko obretan aurrerapausoak eman ondoren. Orain, katedral buruko gune ezegonkorrak indartzeko lanen barruan, proiektu esku hartu zaielenetakoa hasiko da, katedralaren barruko itxura asko aldatuko duena.
Bihar hasiko dira hegoaldeko gurutzadurako gangen hiru arkuak altxatzen. Arku horiek bat egiten dute XV. mendeko Santa Ana portadaren kontrahormarekin. Urteak igaro ahala, gangek jatorrizko kurbadura galdu dute eta deformatuegiak daude; ondorioz, ezin dute mugimendu gehiagorik onartu, nahiz eta, gaur egun, metalezko egitura batek babesten dituen eta egitura horrek txintxorrak erortzea saihestuko lukeen. Lan konplexua eta zaila da; baina, guztiz beharrezkoa katedralaren gune horri, berriro ere, deformazio-gaitasuna emateko eta, datozen urteetan, gangak kolapsatzea ekiditeko.

Arazoaren aurrekariak
XVI. mendean Erregeen Kapera irekitzearen ondorioz sortutako arazoek eta kanpoaldeko kontrahorma nahikoa ez izateak eragin zituzten gune horretako lehen deformazio handiak. XIX. mendean, jada, Saracibar arkitektoak esku hartu behar izan zuen eta hiru arkuak bat egiten duten kontrahorma indartu zuen. Ondorioz, Santa Ana portada kanpokaldetik itxita gelditu zen.
60ko hamarkadako zaharberritzean, pitzadura berriak hauteman ziren hiru arkuetan eta une hartan ezagutzen ziren teknikekin tratatu ziren. Agertutako pitzaduren gainean metalezko giltza edo grapa antzeko batzuk ezarri ziren eta, momentuan, arazoa konpondu zen. Alabaina, irekitzeko puntu berriak bilatzea da arku baten joera naturala, eta horixe gertatu da denbora pasa ahala.
1991n, pitzadura batengatik, hegoaldeko transeptuko gangetako baten zati bat jausi zen, Santa Ana portadaren, barruko aldetik. Harrezkero, aldamio-sistema batekin babestu da gunea eta kontrolpean izan da mugimendurik baden ikusteko. Zorionez, geroztik ez da inolako gorabeherarik izan, nahiz eta gunea ezegonkorra dela eta pitzadurak sortuz joan direla erakutsi duten kontrolatzeko jarri diren sistemak.  

Zer egingo da?
Arazo hori konpondu nahi da, hain zuzen ere, bihar hasiko diren lanekin. Nahiz eta gunea egonkortzen hainbat hilabetez ari diren, orain hasiko diren lanek emango diote amaiera. Bi gangak eusten dituen behin-behiniko egitura, zenbait katu hidraulikoen laguntzaz, goraka bultzatzen hasiko da, poliki-poliki. Arkuaren eta bere egoeraren arabera, 4 eta 40 zentimetro artean altxatuko da bakoitza.
Maniobra egin bitartean, arkuen portaera eta plementuak zer joera duten kontrolatzea da garrantzitsuena. Katuek gangak altxa ahala, langile talde batek dobelak (arkua formatzen duten) ziriztatuko ditu, ez daitezen mugitu. Eragiketan, 18 katu hidrauliko erabiliko dira, bakoitzak 5 tona jasan ditzakelarik. Arku bakoitzak, gehienez, 10 tona pisatzen ditu eta giltzarri bakoitzak (arkuek bat egiten duten goiko pieza) 1 edo 2 tona.
Bizpahiru egun beharko dira arkuak mugitzeko; astebete, egonkortzeko; eta, gutxi gorabehera, hilabeteren ostean, nabearen zati hori okupatzen duen metalezko egitura desmuntatzen hasiko gurutzadura da.   

Bisitaldietako aldaketak
Bihartik aurrera tenpluko bisitaldi gidatuen ibilbidea aldaraziko dute lan horiek. Lantaldeari trabarik ez egiteko eta Katedraleko lanetan beti hartzen diren segurtasun-neurriak areagotzeko, errondako igarobiderako irteera bertan behera utziko da; izan ere, hegoaldeko transeptuaren alboan amaitzen baita. Trukean, triforiotik jarraitu ahal izango dituzte lanak bisitariek. Asteazkenetan eta larunbatetan soilik ikusteko aukera izatetik, eguneroko ibilbidera sartuko baita.