Gaurkotasuna

Prentsa-oharrak

04/04/2011

Hitzaldiek eta haur-tailerrek osatuko dute Santa Maria Katedralaren kultur jarduera apirilean

2011/04/04   Halaber, apirilaren 18an, Ondarearen Nazioarteko Eguna ospatuko da eta egun horretako bisitak doan izango dira

Vitoria-Gasteiz, 2011ko apirilaren 4a.- Santa Maria Katedrala Fundazioak bere kultur jardueren programari berriro ekingo dio udaberriaren etorrerarekin. Apirilean programazio interesgarri bati hasiera emango zaio eta hitzaldiak, ohiko haur-tailerrak eta Ondarearen Nazioarteko Egunaren ospakizunak egingo dira.
 
Udako geldialdiaren ondoren, Leongo Katedraleko kultur proiektuari buruzko hitzaldi batekin hasiko da denboraldi honetako kultur programazioa. El sueño de la luz (Argiaren ametsa) izenburupean, José Manuel Rodríguez Montañés-ek, kultur proiektuaren arduradunak, Leongo tenpluan egiten ari den lan interesgarria ezagutaraziko du. Hilaren 5ean izango da 20:00etan, Luis de Ajuria aretoan.
 

Ia astebete beranduago, hilaren 11n, Montserrat Rico nobelagile historikoaren txanda izango da. La Roma Renacentista. Memorias de la luz y la sombra (Errenazimenduko Erroma. Argiaren eta itzalaren memoria) izenburupean, gaur egungo San Pedro basilika nola eraiki zen berrikusiko du Ricok. Halaber, bere aurreko Italiako Errenazimendua eta garai hartako anekdota ugari ere berrikusiko ditu. Hori ere 20:00etan izango da, Luis de Ajuria aretoan. Bi kasutan, sarrera doakoa izango da aretoa bete arte.
 

Era berean, apirilaren 18an, Monumentu eta Lekuen Nazioarteko Eguna izango da. UNESCOk onartutako eguna da eta herritarrak munduko ondarearen dibertsitateaz sentsibilizatzea du helburu. Gainera, ondare hori babesteko eta kontserbatzeko ahalegina azpimarratu eta ondarearen ahultasunaren gainean arreta jarri nahi da. Hori dela eta, eta oroitzapen hori ospatzeko, egun horretako Santa Maria Katedraleko bisitak doakoak izango dira eta nabera norbere kasa sar daiteke. Beraz, obran egin diren azken aurrerapenak ikustera joan daitezen animatzen diegu herritarrei. Gainera, eta eskaria betetzeko, ordutegiak eta taldeak indartuko dira. Aldez aurretik erreserba egitea derrigorrezkoa da 945 255 135 telefonoan edo www.catedralvitoria.com helbidean.
  

Haur-tailerrak

 
Bestalde, aurten Pazko asteak eta Prudentzio deunaren ospakizunak bat egingo dutenez, urtero data horietan Santa Maria Katedrala Fundazioak antolatzen dituen ohiko Haur-tailerrak laburragoak izango dira. Aurten, apirilaren 26an eta 27an egingo dira eta, beti bezala, 8 urtetik 11 urtera bitarteko haurrei zuzenduko zaie. Helburu izango du katedrala eta bere ingurunea haurrei gerturatzea. Horretarako, bisita laburrak egingo dira zenbait gunetara, hala nola elizpera edo harresira. Egunero, jarduera plastiko bat garatuko da partaideen sormena eta imajinazioa bultzatze aldera. Halaber, ondarea zaintzeari buruz kontzientziaraziko dira.
 

Egun bakoitzak hiru orduko iraupena izango du, goizeko 10:00etatik eguerdiko 13:00etara, eta 8 euroko prezioa izango du Katedralaren Fundatzaileen Zirkuluko bazkideentzako edo bazkideen seme-alabentzako eta 12 eurokoa, bazkide ez direnentzako. Ohiko moduan elebidunak (euskara-gaztelania) izango dira. Lehen egunak Polikromien kutxa izena izango du eta, bigarrena, Harresiari eskainiko zaio. Informazio gehiago eta izen-emateak: 945 255 135.