Gaurkotasuna

Prentsa-oharrak

23/05/2011

Mikel Urdangarin kantautoreak ekainaren 11n Santa Maria Katedralean joko du

2011/05/23  Ekainean, halaber, Luis Aramburu Musika Eskolako ikasleak, Gonzalo Tejada Hirukoteak eta 'Willieren lurrunezko itsasontzia' haurrentzako proposamena ere izango dira

Vitoria-Gasteiz, 2011ko maiatzaren 23a.- Mikel Urdangarin kantautore euskaldunak Santa Maria Katedralean joko du datorren ekainean eta bere azken lana, ´Zubia´, aurkeztuko du. Era berean, hilabete horretan zehar, eta ´Kontzertuan eta irekita´ekimenaren barruan, Luis Aramburu musika eskolako ikasleak eta Gonzalo Tejada Hirukotea arituko dira. Gainera, ´Willieren lurrunezko itsasontzia´ musika-proposamenaz gozatu ahal izango da.
 
Beste urte batez, Santa Maria Katedrala Fundazioak ´Kontzertuan eta irekita´ ekimenari ekingo dio, Gasteizko tenplua askotariko musika-proposamenen eszenatoki bihurtzen duen ekimena. Kasu honetan, guztien gusturako errezitaldi-programarekin hasiko da denboraldia.
 

Hileko lehen ekitaldia txikienei zuzenduko zaie. ´Willieren lurrinezko ontzia´ izenburupean, Walt Disneyk 1928an musika sinkronizatua zuen lehen marrazki bizidunen film laburra ikus-entzunezkoaren oinarri gisa hartzen duen kontzertuaz gozatuko da. Larunbatean, hilaren 4an, eguerdiko 12:30etan egingo da elizpean. Sarrera doakoa izango da 15 urtez azpikoentzat eta helduek 5 € ordaindu beharko dute; 3 €, Katedraleko Fundatzaileen Zirkuluko bazkideen kasuan.

 
Egun batzuk eta gero, ekainaren 9an, Luis Aramburu Udal Musika Eskolako ikasleek ohiko entzunaldia eskainiko dute, ikasturtearen amaiera dela-eta. Errezitaldian, hainbat ikasturtetako eta tresna jotzen dituzten ikasleek hartuko dute parte. Iluntzeko 19:15etan hasiko da erdiko nabean eta doakoa izango da. Baina, gonbidapenak jaso beharko dira Santa Maria Katedralaren dendan , Eskola kalea, 11.

 
Hilaren 11n, programazioko ekimen nagusia izango da: Mikel Urdangarin kantautoreak joko duen kontzertua. Errezitaldi akustikoan, bere disko berria ´Zubia´ aurkeztuko du, ´istorioei, sentsazioei, sentimenduei eta gogo-aldarteei buruzko diskoa´. Rafa Rueda , gitarra elektrikoa; Bingen Mendizabal,zazpi sokako biolina,  eta Nika Bitchiashvili, biolina, izango ditu lagun. Iluntzeko 20:00etan hasiko da elizpean. Sarreren prezioa 5 €-koa izango da; 3 €-koa Fundatzaileen zirkuluko bazkideenak.

 
Hileko musika-programazioa hilaren 18an amaituko da, Jazzargia programaren baitako proposamen garrantzitsu batekin: Gonzalo Tejada Hirukotearen emanaldiarekin. Donostiako kontrabaxu-jotzaileak bere hirukote ezagunaren edizio berri bat aurkeztuko du, azken hamarkadetako jazzaren figura handia omentzeko: Chet Baker tronpeta-jole eta abeslaria. Oraingo honetan, Joaquin Chacón gitarra-jole madrildarrak eta Chris Kase tronpeta-jole iparramerikarrak lagunduko diote. Iluntzeko zortzietan izango da elizpean eta sarreren prezioa 5 €-koa izango da; 3 €-koa Zirkuluko bazkideentzako.

 
Katedralaren dendan ,Eskola kalea, 11, erosi ahal izango dira ekitaldia izango den aste berean kontzertuetarako sarrerak. Beti bezala, sarrerak erosteko lehentasuna izango dute bazkideek, astelehenetan eta astearteetan. Gainerako publikoarentzako sarrerak, berriz, asteazkenetik aurrera jarriko dira salgai.
 
Halaber, gogorarazten dizuegu, datorren larunbatean, maiatzaren 28an, Manuel Iradier Abesbatzaren 75. urteurrena ospatuko dugula. Hori dela eta, nabeak kontzertu oso berezia hartuko du iluntzeko 20:00etan, Abesbatzak bere urteurrena ospatzeko emango duena. Sarrerak, 5€ eta 3€, dagoeneko erosgai daude.