Gaurkotasuna

Prentsa-oharrak

20/01/2012

Santa Maria Katedralaren nabeko zorua jartzen hasiko dira, Gasteizko Elizbarrutiaren 150. urteurrenari begira

2012/01/20 Haritzezko 1.100 metro koadro tronadurak estaliko dituzte nabea, transeptua eta girola

Vitoria-Gasteiz, 2012ko urtarrilaren 20an.- Dagoeneko hasi da Santa Maria Katedralaren nabe nagusiko behin betiko egurrezko zorua jartzen, apirilean Vitoria-Gasteizko Elizbarrutiaren 150. urteurrena izanik, egingo diren ekintzei begira. Hori dela-eta, datozen hiru hilabetetan tenpluko bisita gidatuen ibilbidea zertxobait aldatuko da.
 
Duela egun batzuetatik hona, Santa Maria Katedralaren barnealdeko itxura asko aldatu da. 2010eko udazkenean hasitako lanen jarraipenaren ondorioa da, arkeologia-indusketekin goratutako tenpluaren solairua berreskuratzeko. Orain, zoru berria eta behin betikoa jartzeko txanda da.  Dagoeneko hasitako lanek bost zentimetroko lodiera duen haritzezko tronadura jarriko dute azken ukituak ematen ari diren zurezko egitura baten gainean. Tronaduraren azalera 1.100 metro koadrokoa izango da eta Katedralaren nabeko, transeptuko eta girolako gune guztiak estaliko ditu. Nabeen alboko kaperen geroagoko faseetan, harlanduzko zoladura jarriko da, kapera bakoitza oso-osorik zaharberritu ahala, 2009an Gurutze Santuaren kaperarekin egin zen modu berean. Zoru hori soinua leuntzeko sistema baten gainean jarriko da. Horrela, Katedralaren akustika nabarmen hobetuko da eta musika mota desberdinak hobeto entzungo dira tenplua irekitakoan egin daitezkeen kontzertuetan, mezetan edo bestelako ospakizunetan.
 
2008an jarritako behin-behineko zoladura
 
Zorua jartzeko gaur egun dagoen behin-behineko zoladura kendu beharko da. 2008an jarritako zorua kalitate handiko kontratxapatuzko 400 metro koadroko taulez osatuta dago. Taula horiek Katedraleko beste leku batzuetan eta Aiztogile kaleko ondoko eraikinak zaharberritzeko aprobetxatuko dira.
 
Lana hau urtarrilean, otsailean eta martxoan egingo da. Desmuntatu eta Katedralaren iparraldeko, hegoaldeko eta erdialdeko nabeko zoruetan jarriko dira, zaharberritzen ari ez diren lekuetako bisitak irekita jarraitzeko. Horrela, ohiko irizpidea jarraituz, Katedrala ez da lan hauengatik itxiko. Modu librean nabera egiten ziren bisitei besterik ez die eragingo. Gutxienez, Aste Santura arte bertan behera utziko baitira.
 
Halaber, hasitako lana Katedralaren barnealdean segurtasuna eta erosotasuna hobetzeko zerbitzu sorta bat instalatzeko ere baliatuko da. Horrela, adibidez, erabat integratutako berokuntza-sistema, argiztapen-sistemak eta megafonia jarriko dira, besteak beste, eta lanean ariko dira 2013ko udazkenetik aurrera.
 
Instalazio horiek bisita daitezkeen soto berrietatik bideratuko dira eta, aurten, bisitara egokitu ahala publikoari irekitzen joango dira eta monumentuak 2012. urtetik aurrera izango dituen kultura- eta erlijio-erabilerei zerbitzua emateko eraikuntza eta instalazioko sistema integral bat osatuko dute.