Gaurkotasuna

Prentsa-oharrak

20/02/2012

Santa Maria Katedrala Fundazioak beste tenplu batzuei buruzko beste konferentzia bat antolatuko du, Soriako El Burgo de Osma-ri buruzkoa

2012/02/20  'Topaketa beste katedral batzuekin' zikloaren barruan kokatzen da eta hizlaria Jose Francisco Yusta arkitektoa izango da.

Vitoria-Gasteiz, 2012ko otsailaren 20an.- Santa Maria Katedrala Fundazioak ´Topaketak beste katedral batzuekin´hitzaldi-zikloarekin darrai. Bihar, asteartea, El Burgo de Osma-ren (Soria) txanda izango da. Hizlaria Jose Francisco Yusta izango da, arkitektoa eta Soria Erromanikoa kultura-proiektuaren zuzendari teknikoa. Iluntzeko 20:00etan hasiko da Goiuri Jauregiko Martin de Salinas aretoan eta sarrera doakoa izango da.
 
Palentzia, Granada, Zaragoza edo Tuiko tenpluei buruzko hitzaldiak izan ostean, azarokoa Soriako El Burgo de Osmakoari eskainiko zaio, hango monumentu nagusiari, hain zuzen ere. Estilo gotikoko eraikuntza da eta lehendik zegoen erromanikoa ordeztu zuen. 1232an hasi zen eraikitzen, baina baditu beste estilo-ekarpen batzuk ere, neoklasiko-garaian (1784) amaitu zen arte. XIII. mendeko Espainiako beste hainbat katedral bezala, Jasokundeko Amari eskaini zitzaion. Gainera, museo bat du, bere barnean antolatuta, eta Osma-Soriako elizbarrutiari dagokion edo harekin lotutako arte-lan asko eta garrantzitsuak gordetzen ditu. Soriako San Pedro konkatedralarekin partekatzen du katedral-egoitza.
 
Jose Francisco Yusta arkitektoa izango da hizlaria. Eraikinak mantentzen eta zaharberritzen espezialista da eta, gaur egun, Gaztela eta Leongo Juntak sustatutako Soria Erromanikoa kultura-proiektuko zuzendari teknikoa da. Probintziako erromanikoa mantentzeko, balioa emateko eta zabaltzeko plana da, eta Burgosko eta Palentziako Ipar Erromanikoa proiektuekin bat egiten du.
 
Egindako hainbat ikerketa-lanen artean, nabarmentzekoak dira El Burgo de Osmako Katedralaren eta Calatayudeko (Zaragoza) Santa Mariaren kolegio-elizaren plan-zuzentzaileak. Halaber, Yustak Burgos, Soria, Segovia eta Zaragozako eraikuntzen proiektuak eta zaharberritze-lanak egin ditu. Partal Akademiako kide da, Monumentuak Zaharberritzeko profesionalen elkarte librea.

Hitzaldia iluntzeko 20:00etan hasiko da Goiuri Jauregiko Martin de Salinas aretoan eta ´El Burgo de Osmako (Soria) katedrala, Plan Zuzentzaileak 20 urte´ izenburua izango du. Sarrera doan izango da aretoa bete arte.