Gaurkotasuna

Prentsa-oharrak

17/09/2013

Bihartik aurrera, Europako ehunen bat aditu Gasteizen bilduko dira, katedralak zaharberritzeko esperientziak elkarrekin partekatzeko

2013/09/17Bost egunez, Arabako ondarearen xehetasunak ezagutuko dituzte eta Alemaniako, Suitzako, Norvegiako edo Txekiako tenpluak nola zaharberritu dituzten azalduko dute

                      Vitoria-Gasteiz, 2013ko irailaren 17a. Katedraletako Obra-maisuen Nazioarteko Bilera gaur goizean hasi da, bilera antolatu duen elkartearen zuzendaritzaren bilararekin. Jardunaldiak, ostera, gaur arratsaldetik aurrera hasiko dira.
  Elkartearen presidenteak, Barbara Schock-Wernerrek, eta Juan Ignacio Lasagabasterrek, Santa Maria Katedrala Fundazioaren zuzendariak, topagunearen xehetasunak azaldu dituzte prentsaurrekoan. Europa guztiko hainbat tenplutako ehunen bat teknikari profesional biltzen diren topagune hau, gainera, lehen aldiz Europa Erdialdetik aterako da.
 
Kongresua, berez, gaur arratsaldean hasiko da, 16:30etan, Goiuri Jauregian, Arabako Ahaldun Nagusiak eta Santa Maria Katedrala Fundazioaren patronatuko presidenteak, Javier de Andrések; Alkateordeak, Miguel Garnicak; Katedraleko Kabildoko Deanak, Félix Ruix de Larrinagak, eta Schock-Werner eta Lasagabaster berak inauguratuko dute.:
 
Jarraian, programa oparo bateko hitzaldi teknikoak hasiko dira. Edizio honetan, ´Katedralen estatikaz´arituko dira. Gasteizko katedrala bileraren anfitrioia da eta astearte arratsaldean eta asteazken egun osoan arreta berarengan jarriko da; baina horrez gain, Karlsruheko, Friburgoko, Munichko, Halberstadteko, Meissengo (Alemania), Mallorcako, Toledoko, Basileako (Suitza), Nidarosko (Norvegia) edo Kutná Horako (Txekia) tenpluen arduradunek, besteak beste, zein aurrerapen egin dituzten eta zein ezaugarri erabili diren azalduko dituzte.
 

Bilera teknikoak ostiralean amaituko dira, urteko bilerarekin; eta larunbata programa sozialari dedikatuko zaio. Egun horretan, arreta berezia eskainiko zaie Arabar Errioxari eta Gatz Haranari.
 
1975ean inauguratu zenetik lehen aldiz, nazioarteko bilera Europa Erdialdetik kanpo egingo da. Elkartearen urteko bilera aukera bakarra da hainbat katedraletako maisuen artean esperientziak elkar trukatzeko, euren lanak ezagutzeko eta gaur egun aplikatzen diren neurri eta teknika interesgarrienei buruz eztabaidatzeko.

 Katedraletako Obra-maisuen Elkartea alemanez hitz egiten duten Europa Erdialdeko herrialdeetako (Alemania, Suitza, Austria, Herbehereak...) elizetako monumentuen ondarea berreskuratzeko eta zaintzeko xedez sortu zen. Ondare horren zati bat suntsituta geratu baitzen bi mundu-gerretan. Azken urteetan, beste herrialde batzuk ere barne hartu dituzte: Txekia, Norvegia, Italia edo Espainia. Santa Maria Katedrala izan zen bat egin zuen Espainiako lehen entitatea. 2008an gonbidatu gisa parte hartu zuen eta, 2009az geroztik, kide ofizial gisa.
 
Elkarteak berak finantzatzen du topaketa eta parte-hartzaile guztiek (hizlariek barne) izen-emateko kuota, programa soziala, ostatua eta garraioa ordaintzen dituzte. Santa Maria Katedrala Fundazioak, edizio honetako anfitrioiak, antolakuntza-lanetan lagundu du eta, gainera, babesle pribatuak lortu ditu: ACS fundazioa eta Zuraren Euskal Klusterra - Habic.

Horrez gain, topagunean laguntzen aritu dira Vitoria-Gasteiz Udaleko Kongresu eta Turismo zerbitzua (Goiuri jauregia utzi du), Basquetour eta Gatz Harana; gainera, Arabako Foru Aldundiaren, Gasteizko Udalaren eta Gotzaindegiaren bultzada instituzionala izan du, Fundazioaren patronatuan parte hartuta, eta denek batera topagunea Arabako hiriburuan egitea lortu dute.