Gaurkotasuna

Prentsa-oharrak

18/09/2014

Bi idik tiratako gurdiak Ajarteko harrobitik Santa Maria Katedralera harriaren ekarrera gogoratuko du

2014/09/18 Larunbatean, hilak 27an egingo da Erdi Aroko Azokarekin batera

Vitoria-Gasteiz, 2014ko irailaren 19a.- Zortzigarren urtez jarraian, Santa Maria Katedrala eta Goiena mendi-elkarteak Harriaren Bidean barrenako ibilaldi herrikoiak antolatu dituzte, Ajarte eta Arabako hiriburua lotzen duen ibilbidea. Gasteizko tenplua eraikitzeko erabilitako harriak Trebiñuko Konderriko herri horretako harrobikoak izatean datza berezitasuna. Aurten, ibilaldia irailaren 27an egingo da, hirigune historikoan izango den Erdi Aroko Azokarekin batera.

Ajarte Trebiñuko Udaleko herri txiki bat da eta ia ez da inor bizi. Gasteizko mendietatik gertu dagoenez, duen ikuspegi bikainaz gainera, bertako harrobietakoak dira Gasteizko elizetan eta Santa Maria Katedralean dauden harri asko. Hori dela eta, duela zazpi urtetik hona, Santa Maria Katedrala Fundazioak bi tokien arteko ibilaldi bat jarri zuen martxan, katedralaren interes historiko eta artistikoa hurbileko paisaiako elementuekin, inguruko geografiarekin eta, modu berezian, historian zehar harriak Gasteizko muinora eramateko erabili izan diren bide historikoekin lotzea ahalbidetzen duena.

Oraingo honetan, ibilaldia irailaren 27an larunbatean, Erdi Aroko Azokaren egunean, egingo da. Egun bakoitzean autobus batek Ajarteraino eramango ditu parte hartzaileak, eta bertatik 14 kilometroko ibilbidea hasiko dute; ibilbidean zehar, ingurune naturalaz gozatzeaz gain, zeharkatzen dituzten lekuei buruzko azalpenak izango dituzte.

Ibilbidea Ajarten hasiko da, partaideek garai bateko harrobiek monumentuak zaharberritzeko mehatze-baliabide gisa zer-nolako berezitasunak dituen ezagutuko dute bertan. Ajarteko muinotik eta Gasteizko mendietatik pasatzean, garai bateko harrobien bideak ikusiko dira. Gaur egun, arkeologia- eta historia-ondare direnak. Ingurunea duen balio naturalagatik nabarmentzen da. Iparraldean, pagadi itzaltsuak daude eta, hegoaldean, berriz, ameztiak, erkameztiak eta artadiak.

Ajartetik harriak ekartzen ziren jatorrizko modua gogoratzeko, eguerdiko 12etatik aurrera bi idik tiratutako gurdi bat taldearekin bat egingo da. Honela, Mendiola eta Aihotz Plazaren arteko ibilbidean zehar joango da harrizko zenbait bloke eramanez. Animaliek markatutako erritmoan, partaideak Olarizuko parkera hurbilduko dira eta, jarraian, Jauregilanda, Iturritxu, Zumabide, Domingo Martinez de Aragon, Araba, Agirre Miramon, Juan Ibañez de Santo Domingo, San Antonio, Becerro de Bengoa, Prado, Andre Maria Zuriaren eta Mateo Moraza kaleetatik eta San Frantzisko aldapatik, Aihotz plazara iritsi arte. Taldea pasatzen ikusteaz gain (eta pertsona ugari jantzi tradizionalekin jantziko da, gainera), nahi duena ibilaldiaren edozein unetan bildu ahalko da taldera, eta Aihotz Plazara arte paseatu. Oso erakustaldi erakargarria izango da larunbatean Erdi Aroko Azoka bisitatuko duten milaka pertsonentzat.

Jardueran parte hartu nahi dutenek lekua erreserbatu behar dute Bisitariak Hartzeko Zentroan (Buruileria plaza) edo 945.255.135 telefonoan. Irteerak 9 €-ko kostua izango du, Katedralaren Fundatzaileen Zirkuluko bazkideentzat izan ezik. Eurek 6 € ordainduko dituzte. Hamabi urtez azpikoentzat doan izango da. 45 plaza libre egongo dira. Arabako Foru Aldundiaren lankidetza izan da ibilaldia antolatzerakoan.