Gaurkotasuna

Prentsa-oharrak

11/12/2014

Santa Maria Katedralak haurrentzako tailerrak antolatu ditu Gabonetan eta abenduaren 29an eta 30ean egingo dira

2014/12/11 Lekuak mugatuak dira, eta erreserbak 945 255 135 telefono-zenbakian edo Katedralaren Bisitariak Hartzeko Zentroan egin daitezke dagoeneko

Vitoria-Gasteiz, 2014ko abenduaren 11.- Santa Maria Katedrala Fundazioak haurrentzako tailerren beste edizio bat antolatu du Gabonetarako. Berrikuntza gisa, aurten bi saio egingo dira, abenduaren 29an eta 30ean, eta jardunaldi batera edo bietara joateko aukera izango da. Lekuak mugatuak dira, eta izen emateko epea dagoeneko irekia dago.

 

Santa Maria Katedrala gurtzarako irekia dago, baina oraindik Lanetan eta irekia jarraitzen du. Hortaz, Gabonetako tailerretara joaten diren haurrek tenpluan barrena ibiltzeko aukera izango dute, baita horren historia, egungo egoera eta etorkizunerako proiektuak ezagutzeko ere. Arkitektura gotikoaren ezaugarri eta elementu nagusiak, eta eraikuntzazko materialak eta teknikak identifikatuko dituzte, eta Katedralak Gasteizko erdigune zaharraren harresiarekin duen lotura ezagutuko dute. Ohikoa denez, bisita txikiak egingo dituzte, eta tailerraren amaieran jarduera plastiko bat egingo dute. Eta, hori guztia, birziklatutako materialen erabilera sustatuz egingo dute.

 

Santa Mariatik harresira izenburuarekin, abenduaren 29an, partaideek katedralaren jatorria ezagutuko dute, Gasteiz inguratzen zuen eta defendatzeko izaerarekin eraiki zen harresiarekin lotutako tenplu gisa. Lurpeko kripta ezagutuko dute bere leiho estuekin, errondako pasagunean ibiliko dira eta harresiaren oinetaraino hurbilduko dira, izan zuen funtzio defentsibo eta ekonomikoa gogorarazteko, eta horren eraikuntza-ezaugarriak ikasiko dituzte. Tailerraren helburua izango da elurrezko panpina bat egitea, galtzerdi eta media zaharrekin, botoiekin eta sokarekin, jaiegun hauetan mahaia apaintzeko.

 

Bigarren tailerra abenduaren 30ean egingo da, asteartea, eta Urtezahar-gaua kandelen argitan izena izango du. Egun horretan, haurrek ibilaldi bat egingo dute katedralaren barruan, eta dorrean amaituko dute. Hortik, Erdi Aroko almendra osoa ikusi ahal izango dute. Dorrearen egitura ikusiko dute, horren zaharberritze-lana, kanpaiak kokatuak zeuden lekua, eta horiek betetzen zuten funtzioa ikasiko dute. Puntu horretatik, hiriaren hirigintzaren bilakaera eta garapena ikusiko dute. Tailerrean, kandeletarako dekorazio-zentro bat egingo dute. Erabiltzen ez diren kristalezko poteak erabiliko dituzte, eta Gabonetako gaiekin margotu eta dekoratuko dituzte.

 

Ohikoa den moduan, tailerrak 8 urtetik 11 urtera arteko neska-mutilei zuzenduta daude eta elebidunak (euskara - gaztelania) izango dira. Abenduaren 29an eta 30ean izango dira 10:00etatik 13:00etara bitarte. Prezioa 27 euro izango da bi egunetara joanez gero, eta 15 euro egun solte bakoitzeko. Fundatzaileen Zirkuluko bazkideen edo haien seme-alaben kasuan, prezioa 24 eta 13,50 euro izango da, hurrenez hurren. Plazak mugatuak direnez gero, aldez aurretik egin behar da erreserba Bisitariak Hartzeko Zentroan (Buruileria Plaza) edo 945 255 135 telefono-zenbakian.