Gaurkotasuna

Prentsa-oharrak

26/01/2015

Santa Maria Katedrala Fundazioak erlijioari eta bizikidetzari buruzko hitzaldi-ziklo berri bat antolatu du Teologia Fakultatearekin batera

2015/01/26 Erlijioek mundua gizatiartzean egiten duten ekarpenari buruz eztabaidatuko da, eta hizlariak, euren kristautasunaz gain, islamera, budismora, hinduismora edo judaismora ere hurbilduko dira

Vitoria-Gasteiz, 2015eko urtarrilaren 26a.- Santa Maria Katedrala Fundazioak bihar, asteartea, erlijioari buruzko hitzaldi-ziklo berri bat hasiko du. Iaz egin zenaren ondoren, oraingo honetan sei saio antolatu dira. Horietan, hainbat adituk eztabaidatuko dute erlijioari eta bizikidetzari buruz, eta hainbat erlijiora hurbilduko dira, hala nola budismora, hinduismora, judaismora, islamera eta kristautasunera.

  Erlijioa eta bizikidetza. Erlijioen ekarpena munduaren gizatiartzean izenburuarekin, eta berriz ere Vitoria-Gasteizko Teologia Fakultatearen lankidetzarekin, Goiuri Jauregiak hitzaldi-ziklo bat hartuko du, munduan jende gehienak praktikatzen dituen erlijioak publikoari hurbiltzeko asmoz. Zehazki, bihartik hasita, ekainera arte, sei hitzaldi programatu dira. Hilero hitzaldi bat egingo da Goiuri Jauregian, arratsaldeko 8etan, eta sarrera librea izango da lekua bete arte.

  Lehenengo hitzaldia bihar, asteartea, urtarrilaren 27an izango da. Erlijioek gizakiago izaten laguntzen dute? izenburuarekin, Gaspar Martinez Fz. De Larrinoak, Vitoria-Gasteizko Teologia Fakultateko irakasle eta Bilboko elizbarrutiko idazkari nagusiak, erlijio-munduaren eta gizakien bizikidetzarako duen balioaren ikuspegi panoramiko bat emango du.

  Otsaileko saioa 24an izango da, eta Vitoria-Gasteizko Teologia Fakultateko irakasle emeritu eta lekaime Maria Jose Aranaren presentzia izango dugu, Ekialdeko erlijio mistikoak: budismoaren eta hinduismoaren ekarpena humanismora izenburuko hitzaldia emango duena.

  Martxoan, zikloaren protagonista Raad Salam Naaman katoliko kaldearra izango da, Mosuletik gertu jaioa eta Basoran hezia, unibertsitateko irakaslea eta Filologia Arabiarrean eta Ikasketa Islamikoetan doktorea, errefuxiatu politikoa Espainian 1991. urteaz geroztik, eta espainol nazionalizatua 1999an. 25ean Kristautasun irakiarra: martirio-hondarra, bizikidetzako testigantza izenburuko hitzaldia emango du.

  Aste Santuaren ondoren, apirilaren 21ean, Islamari buruz hitz egingo da. Hizlaria Ahmed Chaghouaoui izango da, Marokon jaioa, Gasteizen bizi dena duela hamabost urte, islamaren historian aditua eta UPV-EHUko irakaslea. Horren hitzaldiaren izenburua honako hau izango da: Islam, errukizko esperientzia.

  Maiatzean judaismoari buruz eztabaidatuko dira. Espainiako Komunitate Juduen Federazioak bidalitako errabino baten presentzia izango dugu, Judaismoa, askapeneko esperientzia hitzaldia emateko. 26an izango da.

  Programatutako azken saioa ekainaren 23an izango da, eta Deustuko Unibertsitateko Teologia Fakultateko katedradun Rafael Aguirre emerituak egingo du. Saioaren izenburua Kristautasuna eta Europa sekularizatua eta laikoa izango da