Gaurkotasuna

Prentsa-oharrak

12/03/2015

Santa Maria Katedrala Fundazioak Aste Santuko tailer didaktikoen edizio berri bat antolatu du

2015/03/12 Apirilaren 7tik 10era bitarte egingo dira, eta egun guztietan edo egun solteetan joateko aukera izango da

Vitoria-Gasteiz, 2015eko martxoaren 12an.- Santa Maria Katedrala Fundazioak tailer didaktikoen edizio berri bat antolatu du Aste Santurako. Oraingo honetan, sei saio programatu dira, eta, horien barruan, txikienek aukera izango dute Katedralean barrena ibiltzeko, horren historia ezagutzeko, egin diren lanak ikusteko, eta oraindik egin behar dena ezagutzeko. Apirilaren 7tik 10era bitarte egingo dira, eta egun solteetan joateko aukera izango da.

Ohikoa denez, Aste Santuko eskola-oporrak iristear daude eta Santa Maria Katedrala Fundazioak jarduera bat antolatu du, neska-mutilek aukera izan dezaten tenplua ezagutzeaz gain, arkitekturara eta artera hurbiltzeko ere. Era berean, gazteen sormena garatu nahi da, eta aldi berean birziklatutako materialen erabilera sustatu nahi da. Hori guztia euskaraz eta gaztelaniaz egingo da.

Lehen jardunaldia apirilaren 7an izango da, eta 'Pazko Zuhaitza' izenburua izango du. Egun horretan, partaideek Katedralaren bisita osoa egingo dute horren bitxikeriak eta historia ezagutzeko, eta, era berean, Aste Santuko eta Pazkoaldiko jaien jatorrira hurbilduko dira, baita arrautzak apaintzeko tradiziora ere. Tailerreko plastika-jardueran dekorazio-zuhaitz bat egingo dute, eta horren adarretan Pazko-arrautzak zintzilikatuko dituzte kolorezko hariekin.

 
'Harresia defendatu' izenburuarekin, bigarren egunean, neska-mutilek katedralaren jatorria ezagutuko dute, Gasteiz inguratzen zuen eta defendatzeko izaerarekin eraiki zen harresiarekin lotutako tenplu gisa. Lurpeko kripta bisitatuko dute, erronda-pasagunean zehar ibiliko dira, eta harresiaren oinarrietara hurbilduko dira, horren defentsa-funtzioa, eraso- eta defentsa-sistemak, funtzio ekonomikoa eta eraikuntza-ezaugarriak gogoratzeko. Gure ondarea zaharberritzeko eta kontserbatzeko premiari buruz hausnartu ondoren, tailerrean katapulta bat egingo dute: antzinaroan objektu handiak jaurtigai gisa urrutitik botatzeko erabiltzen zen tresna militarra.

Apirilaren 9an eta 10ean, bi jardunaldiko tailer bat egingo da, eta, beraz, ezingo da egun horietako batean bakarrik parte hartu. 'Hau nire gargola da' izenburuko tailerrean, katedralaren barrualdea eta kanpoaldea aztertuko dute, katedrala osatzen duten zatiak identifikatzeko (nabea, gurutzeria, girola, triforioa, koroa, elizpea, eta abar), eta arkitektura gotikora eta horren elementu nagusienetara hurbilduko dira. Elementu horien artetik, gargola bat hautatuko dute. Gargolak gako-elementuak ziren eraikinen urak kanporatzeko sistemaren barruan. Jada tailerrean, gargola bat egingo dute mâché paperarekin, horretarako beren irudimena askatuz eta nahien duten moduan apainduz. Jarduera hori bi egunetan garatuko da, gargolak hainbat ordu behar dituelako lehortzeko. Hori dela eta, tailerra osatzeko, joko bat egingo da Katedralean zehar banatutako Pazko-arrautzetan ezkutatutako aztarnekin. Haurren memoria, trebetasuna eta trebezia probatuko dira, eta, taldetan banatuak, oztopoak gainditu beharko dituzte, saria lortzeko. Horretaz gain, jardunaldi horretan, bukatu gabe geratu den edozein jarduera amaitzeko edo burutzeko aprobetxatuko dute.
 
Ohikoa den moduan, jardunaldiak 8 urtetik 11 urtera bitarteko neska-mutilei zuzenduta daude eta elebidunak (euskaraz eta gaztelaniaz) izango dira. Apirilaren 7tik 10era bitarte egingo dira 10:00etatik 13:00etara. Prezioak honako hauek dira: 15 euro (egun bat), 27 euro (bi egun) eta 48 euro (lau egunak). Katedralaren Fundatzaileen Elkarteko bazkideen edo haien seme-alaben kasuan, prezioak 10, 20 eta 40 euro izango dira, egun kopuruaren arabera.

Plazak mugatuak direnez gero, aldez aurretik egin behar da erreserba Bisitariak Hartzeko Zentroan (Buruileria Plaza) edo 945 255 135 telefono-zenbakian.