Gaurkotasuna

Prentsa-oharrak

10/12/2015

Santa Maria Katedrala Fundazioak Gabonetako tailer didaktikoen edizio berri bat antolatu du

2015/12/10 Lekuak mugatuak dira, eta erreserbak 945 255 135 telefono-zenbakian edo Katedralaren Bisitariak Hartzeko Zentroan egin daitezke dagoeneko

Vitoria-Gasteiz, 2015eko abenduaren 9.- Santa Maria Katedrala Fundazioak haurrentzako tailerren beste edizio bat antolatu du Gabonetarako. Aurten bi saio egingo dira, abenduaren 28an eta 30ean, eta jardunaldi batera edo bietara joateko aukera izango da. Lekuak mugatuak dira, eta izen emateko epea dagoeneko irekia dago.

  Santa Maria Katedrala oraindik "Lanetan eta irekia" jarraitzen du. Hortaz, Gabonetako tailerretara joaten diren haurrek tenpluan barrena ibiltzeko aukera izango dute, baita horren historia, egungo egoera eta abian diren proiektuak ezagutzeko ere. Arkitektura gotikoaren ezaugarri eta elementu nagusiak, eta eraikuntzazko materialak eta teknikak identifikatuko dituzte, eta Katedralak Gasteizko hiriaren jatorria  den erdigune zaharraren harresiarekin duen lotura ezagutuko dute. Modu entretenigarrian, bisitak  egingo dituzte eta ikusi dutenarekin lotutako jarduera bat burutuko dute tailerrari bukaera emateko. Horrez gain, birziklatutako materiala erabiltzea sustatuko da, ingurumena zaindu eta babestearen beharraren inguruan hausnar dezaten.

  "Belén de sombras" izenarekin ("Itzalen jaiotza"), abenduaren 28an, parte hartzaileek kripta, erronda-pasagunea eta Katedralaren triforioa bisitatuko dute. Jaiotzara ere hurbilduko dira eta haren historia ezagutuko dute, eta zein pieza dituen eta noiztik aurrera erabiltzen diren ikasiko dute. Arkupean, ate nagusiko tinpanoan, Gabonarekin lotutako pasarteen irudiei erreparatuko diete: Jesusen jaiotza, Artzainen iragarpena eta Errege Magoen gurtza. Tailerrean, parte hartu duten haurrek itzalen antzerkia egingo dute Gabonen inguruan. Birziklatutako materialekin (kartoiak, paperak, makiltxoak eta kartulinak) agertoki txiki bat egingo dute, jaiotzaren pertsonaia tipikoekin, txinatar itzalen antzerki modua eginez.   

Bigarren tailerra, "Navidad, verde Navidad" izenekoa ("Gabona, Gabon berdea"), abenduaren 30ean ospatuko da, asteazkena. Egun horretan, haurrek ibilaldi bat egingo dute katedralaren barruan, eta dorrean amaituko dute. Hortik, Erdi Aroko almendra osoa, Zabalgunea eta hedapen berrienak  ikusi ahal izango dituzte. Dorretik, hiriaren eboluzioa eta garapena ikusi ahalko dute, eta harresiak nondik eraiki ziren eta hiria nola joan den hedatzen. Birziklatutako materialekin eta material naturalekin Gabonetako zuhaitza egin eta, ondoren, hura margotu eta apaindu beharko dute gero. Gabonetan, euren etxeetako ertz bat apaintzeko erabili ahalko dute euren artelana.  

Ohikoa den moduan, tailerrak 8 urtetik 11 urtera arteko neska-mutilei zuzenduta daude eta elebidunak (euskara - gaztelania) izango dira. Abenduaren 28an eta 30ean izango dira 10:00etatik 13:00etara bitartean. Prezioa 27 euro izango da bi egunetara joanez gero, 15 euro egun solte bakoitzeko. Fundatzaileen Zirkuluko bazkideen edo haien seme-alaben kasuan, prezioa 24 eta 13,50 euro izango da, hurrenez hurren. Plazak mugatuak direnez gero, aldez aurretik egin behar da erreserba Bisitariak Hartzeko Zentroan (Buruileria Plaza) edo 945 255 135 telefono-zenbakian.