Gaurkotasuna

Prentsa-oharrak

18/04/2016

Katedraleko ikustaldien programak audiogidak eta haurrentzako ikus-entzunezko saio bat izango ditu

2016/04/18 “Balio erantsia eman nahi diogu Gasteizko turismo baliabide nagusietako bati”

Vitoria-Gasteiz, 2016ko apirilaren 18a. Santa Maria Katedraleko ikustaldien programak, datorren urtetik aurrera, ingeles, frantses eta alemanezko audiogidak eskainiko dizkie turista atzerritarrei, eta haurrentzako ikus-entzunezko saio berri bat ere izango du. Horiek dira Arabako Foru Aldundiaren Enplegu, Merkataritza eta Turismo Sustapenaren Sailak finantzatuko dituen proiektuetako batzuk, Santa Maria Katedrala Fundazioarekin daukan hitzarmenaren esparruan.
Cristina González Enplegu, Merkataritza eta Turismo Sustapenaren Saileko foru diputatuak azaldu du ekimen horien asmoa hauxe dela: ikustaldien programa egokitzea bisitari atzerritarren gehikuntzara (izan ere, honez gero ia ehuneko 10 dira) eta familia turismoaren eta, ondorioz, haurren presentziaren garrantzira. “Helburua balio erantsia ematea da Gasteizko turismo baliabide nagusietako bati, urtean 84.000 bisitari baino gehiago baititu”.