Gaurkotasuna

Prentsa-oharrak

08/06/2016

Dibertitu zaitez eta ikasi Santa Maria Katedralaren udalekuetan

2016/06/08 Uztailaren 4tik 8ra egingo dira eta, lekurik geratzen bada, egun solteetan joateko aukera egongo da

Vitoria-Gasteiz, 2016ko ekainaren 8a.- Udalekuen edizio berri bat abiaraziko du uztailean Santa Maria Katedralak. Hala nahi duten haurrak tenpluan zehar ibili ahal izango dira, haren historia ezagutu, eta sormena garatu ahal izango dute modu atsegingarri eta dibertigarrian, ondarea baloratzen ikasiz. Uztailaren 4tik 8ra izango dira.

 

Dagoeneko ohikoa den bezala, udaleku didaktikoen edizio berri bat antolatu du Santa Maria Katedrala Fundazioak datorren uztailerako. Aurten, uztailaren 4tik 8ra izango dira. 10:00etatik 13:30era izango dira. Beti bezala, 8 urtetik 11 urtera arteko haurrei zuzenduta daude eta elebidunak (euskara - gaztelania) izango dira. Iaz bezala, taldeko 20 lekuak betetzen ez badira, egun solteetan joateko aukera emango da udalekuak hasi aurreko astean.

 

Lehen egunak Ongi etorri Katedralera izenburua izango du, eta Santa Mariaren ezaugarri orokorren berri izango dute neska-mutilek. Haren historia, eraikuntza-faseak eta dituen arazoak ezagutuko dituzte. Eskulanetan, aste osorako lan-uniformea egingo dute, hau da, Fundazioaren logotipoa den kuadrifoliodun kamiseta eta parte-hartzaile bakoitzaren izena agertzen duen txapa bana.

 

Bigarren egunean, Harresia defendatu izenburupean, katedralaren jatorria ezagutu dute; nola sortu zen katedrala Gasteiz herrixka inguratzen zuen harresiari lotuta, eta hiria defendatzeko asmoz. Lurpeko kripta ezagutuko dute, bere leiho estuekin, errondako pasagunean ibiliko dira, eta harresiaren oinetaraino hurbilduko dira, defendatzeko eta ekonomiari laguntzeko izan zituen funtzioak gogorarazteko. Era berean, ondarea zaharberritzeko eta kontserbatzeko beharraren inguruan hausnartuko dute. Tailerrean jada, katapulta bat egingo dute: antzinaroan objektu handiak jaurtigai gisa urrutitik botatzeko erabiltzen zen tresna militarra.

 

Hirugarren egunari Zein ordu da? deitu zaio. Egun horretan, katedraleko dorrera igoko dira parte-hartzaileak. XVI. eta XVIII. mendeen artean eraiki zen, eta sute latza jasan zuen XIX. mendean, oraindik ere haren aztarnak ikus daitezkeelarik. Zaharberrituta dago dagoeneko, eta, gaur, hiriaren ikuspegi ikusgarriez goza daiteke bertatik. Gainera, eguzki-erlojua dauka fatxada nagusian, eta denboraren zein denboraren neurketaren inguruan ikertzeko aukera emango digu. Parte-hartzaileek eguzki-erlojua egingo dute paperarekin eta kartoiarekin, eta nola funtzionatzen duen ikasiko dute.

 

Uztailaren 7ak, ostegunak, Saltsaren erdi-erdian izenburua edukiko du. Egun horretan, Erdi Aroko hiri baten egunerokotasunera barneratuko dira, gastronomian zentratuz. Paseoa egingo dute katedralaren inguruko kaleetan barrena, artisau eta merkatarien etxeak, El Portalon eraikina, Andatarren Dorrea eta Kordoi etxea ikusita Erdi Aroko eguneroko bizimodua irudikatzeko. Oinarrizko elikagaiez mintzatuko dira, bai eta klase sozialen araberako janari motez edo erlijiotik eratorritako arauez ere. Gero, eta saltsaren erdi-erdian dagoeneko, ogia egiteko oinarrizko osagaiak nahastuko dituzte, katedraleko aterpetxeko labean erretzeko gero.

 

Udalekuak amaitzeko, Gazgile egun batez izenburudun eguna izango dute, eta Añanako Gatz Haranera joango dira, urteroko bisita egitera. Han, ibilbide didaktikoa eta partehartzailea egingo dute, haranean zehar, historia, arkitektura, arkeologia, paisaia, geologia, bioaniztasuna eta ingurumena uztartzen dituen paisaiaren ezaugarriak ezagutzeko. Horrez gain, bereziki eurei egokitutako eremu ludikoan, gazgile izan ahalko dira egun batez. Oinutsik ur gazitan daudela, artisau horiek gatza ekoizteko erabiltzen zituzten oinarrizko teknikak ikasiko dituzte.

 

Egun atsegin eta dibertigarriak pasa ditzaten laguntzeaz gainera, Santa Maria Katedrala Fundazioaren asmoa haurrek hiriko eta lurraldeko ondarea ezagutzea eta baloratzea da, eta ondare hori zaintzeaz eta ondareari duen garrantzia emateaz kontzientziatzea.

 

Udalekuek 55 euroko prezioa dute. Katedralaren fundazioaren sortzaileen artean daudenen seme-alabek % 20ko deskontua izango dute. Egun solteetan parte hartzen bada, eguneko prezioa 15 eurokoa izango da. Lekuak mugatuak direnez gero, aldez aurretik egin behar da erreserba Bisitariak Hartzeko Zentrora joanda (Buruileria Plaza) edo 945 255 135 telefono-zenbakira deituta.