Gaurkotasuna

Prentsa-oharrak

14/12/2016

Haurrentzako tailerrak eta ipuin-kontaketak eta gabon-kantako kontzertuak, Gabonetako jarduerak Santa Maria Katedralean

2016/12/14 Horrez gain, estilo neoklasikoko Jaiotza tradizionala ikusi ahalko da tenpluko aldarean

Gasteiz, 2016ko abenduak 14.- Santa Maria Katedralak adin guztietako ikus-entzuleentzako jarduera ugari izango ditu hurrengo egunetan, gai beraren inguruan: Gabonak. Haurrentzako ohiko tailerrez gain, aurten ere haurrentzako ipuin-kontaketak, gabon-kantako kontzertuak eta tenpluko aldare nagusian jartzen den Jaiotza tradizionala izango ditugu.

  Santa Mariako Gabonetako programa abenduak 17an, larunbatean, hasiko da, Bi Poliedro: Garikoitz Mendizabal & Aitor Furundarena musikariek nabe zentralean eskainiko duten kontzertuarekin. Ekimen hori Antzina Folk jaialdiaren barruan egingo da, ataxia-telangiektasia gaixotasuna pairatzen dutenen alde. 19:30ean hasiko da, eta doakoa izango da lekua bete arte.  

Musika-programazioa gabon-kantako bi emanaldirekin osatuko da, abenduaren 22an eta 29an. Arabako Koru Federazioaren lankidetzari esker, gustuko duten guztiek Gabonetako giroan murgiltzeko aukera izango dute, lurraldeko hainbat koruren ahotsen bitartez. Osteguna 22an Enol, Aiala, Vicente García eta Izalde koruek abestuko dute, eta 29an Gurasoak, Florida, Dultzinea eta Arabako Koru Federazioko Gospel taldeen txanda izango da. Bi emanaldiak 20:00etan hasiko dira. Era berean, nabe zentralean egingo dira eta doakoak izango dira lekua bete arte.

  Etxeko txikiei eskainitako atalean Gabonetako tailerrak izango dira protagonistak. Aurten goiburua 'Gabonetan Katedralera' izango da, eta 26an eta 27an egingo dira. Hala nahi duten haurrek, tenpluarekin eta urteko garai hain berezi horrekin lotutako eskulanak eginez gozatu ahal izango dute. Ohikoa den moduan, 8 urtetik 11 urtera arteko haurrei zuzenduta daude eta elebidunak izango dira. 10:00etatik 13:00etara arte egingo dira. Bi egunetan joanez gero, 27 euroko prezioa izango dute; egun bakarra aukeratuz gero, berriz, 15 eurokoa. % 20ko deskontua edukiko dute Fundatzaileen Elkarteko bazkideek eta horien seme-alabek. Lekua mugatua denez gero, aldez aurretik egin behar da erreserba Bisitariak Hartzeko Zentroan edo 945 255 135 telefono-zenbakian.

  Haurrentzako berrikuntza 'Munstro denbora-irenslea eta Gasteizen jatorria' ipuin-kontaketa izango da. Kultura gizarteratzeaz arduratzen den Kultur Gasteiz enpresarekin aritu da fundazioa lankidetzan, eta Lehen Hezkuntzako haurrei zuzendutako ipuin-kontaketa sortu dute. Bertaratzen diren haurrei beste modu batez irakatsiko zaie Gasteizko historia, irudimenaren, literaturaren, antzerkiaren eta parte-hartze aktiboaren bidez. Ipuinean kontatzen da alkimista bat dagoela Gasteizen, gauetan katedraleko kriptara joaten dena bere sorginkeriak egin eta denboraren zein historiaren misterioak argitzera. Halako batean, ordea, edabe batean hutsegite txiki bat egitearen ondorioz, munstro denbora-irenslea esnatu du, historiaz elikatzen den eta, ibili ahala, iraganeko gertakizunak irensten dituen munstroa. Munstroa desagerrarazteko eta historiak ohiko noranzkoan jarraitzeko edabea sortu beharko dute, eta, horretarako, berori egiteko behar diren osagaiak aurkitu beharko dituzte parte-hartzaileek kriptan. Abenduaren 28an eta urtarrilaren 3an eta 4an egingo da, 18:00etan. Sarrera doakoa izango da, baina nahitaezkoa da aurretiazko erreserba egitea 945 255 135 telefono-zenbakian edo Bisitariak Hartzeko Zentroan (Buruileria plaza).

  Era berean, katedraleko Jaiotza tradizionala bisitatzeko aukera izango da, egun hauetan nabe zentralera itzuliko dena. Jaiotza, 1870 urtekoa eta estilo neoklasikokoa, Esteban de Agredarena da, eta duela zenbait urte berritu zuten Katedralaren Sortzaileen Zirkuluko bazkideen laguntzari esker. Bisitariek Ama Birjina eta Haurraren, San Joseren, hiru artzainen eta astoaren, ardiaren eta idiaren irudiekin osatutako lana ikusi ahalko dute. Zur polikromatuan eginda dago eta estilo neoklasikokoa da, baina tradizio barrokoaren eragina nabarmena da. Ospakizun erlijiosoetan ikusi ahalko da, eta baita tenplura egindako bisitetan ere.