Gaurkotasuna

Prentsa-oharrak

16/01/2017

Santa Maria Katedrala Fundazioak 90.000 turista hartu zituen 2016an

2017/01/16 % 8 hazi da bisitarien eta diru sarrerren kopurua, iaz erregistratutako zifren aldean.

Vitoria-Gasteiz, 2017ko urtarrilaren 16a.- Santa Maria Katedrala Fundazioak berak kudeatzen duen aterpetxean ostatu hartu zuten eta katedrala bisitatu zuten 90.000 pertsona hartu zituen iaz. 2015ean erregistratutako zifrei begiratuz gero, % 8 hazi da bisitarien kopurua, eta uztailean kriptak museo bihurtu izana da horren arrazoietako bat, bisitarien artean interes handia piztu duen gune oso erakargarria baita.

  2016a oso urte ona izan da Santa Maria katedralarentzat. Zaharberritze-lanek aurrera egin izanak, espazio berriak ireki izanarekin batera, bisitarien joan-etorriak nabarmen areagotzea ekarri du. Santa Maria Katedrala museo bihurtzearekin proiektu bat amaitu da, tenpluaren kultura- eta turismo-aukerak ugaritu dituen proiektua; izan ere, merezitako garrantzia eman dio azkenengo hamarkadetan egindako ikerketa ugarietatik eskuratutako informazio izugarriari, eta hura hedatzen lagundu du. Horrez gain, jendearentzako espazio berriak ireki dira, iraganean hondeaketa-lanetan berreskuratu zirenak eta orain berriro ikus daitezkeenak; esaterako, jatorrizko zimenduak edota lur azpian ezkutatuta gelditu zen harresi zatia. Leku horietan guztietan irisgarritasuna bermatzen da, igogailu eta plataforma jasotzaileei esker. Inaugurazio-ekitaldian Iñigo Urkullu lehendakaria, Ramiro Gonzalez Arabako ahaldun nagusi eta Fundazioko Patronatuko presidentea, Gorka Urtaran Gasteizko alkatea eta Juan Carlos Elizalde elizbarrutiko apezpikua izan dira buru, beste agintari batzuen artean.

Aurreko urteetan bezalaxe, bisitari arabarrak guztizko kopuruaren laurdena izan dira ia, % 24. Gainerako bisitariak Bizkaitik eta Gipuzkoatik (% 16), gainerako autonomia-erkidegoetatik (% 50) eta atzerritik (% 10) etorri dira. Ohikoa denez, Madrilgo (10.634), Kataluniako (5.317), Andaluziako (3.988), Valentziako Erkidegoko (3.870), Nafarroako (3.623) eta Gaztela-Leongo (3.545) bisitarien presentzia nabarmendu da.

Atzerritarrei dagokienez, gutxi gorabehera 1.800 frantsesek, 1.550 alemanek, 750 italiarrek, 680 iparramerikarrek eta 575 britainiarrek bisitatu zuten tenplua. Bitxikeria gisara, deigarria da 75 herrialdetako bisitariak eduki izana, herrialde exotikoetatik etorriak batzuk; hala nola, Kongotik, Filipinetatik, Nepaletik, Zeelanda Berritik edo Tanzaniatik.

2016an, sei hizkuntza hauetan egin ziren bisita gidatuak: gaztelaniaz, euskaraz, ingelesez, frantsesez, alemanieraz eta italieraz. Eta erreserbak egiteko moduari dagokionez, horien ia % 22 webgunearen bitartez egin ziren (www.catedralvitoria.eus), eta gainerakoak telefono bidez eta bisitarien harrera-zentroan bertan egin ziren.

10.000 loalditik gora aterpetxean
Aterpetxeari dagokionez, abian den laugarren urtean finkatu da Alde Zaharreko hotel-establezimendu gisara, 10.000 apopilotik gora eduki baititu; gazteak, erromesak eta turistak bereziki. Jatorriari begiratuta, nabarmendu beharra dago apopiloen % 25 izan dela atzerrikoa.

12123