Gaurkotasuna

Prentsa-oharrak

23/03/2017

Santa Maria Katedrala Fundazioak Aste Santuko tailer didaktikoen edizio berri bat antolatu du

2017/03/23 8 urtetik 11 urtera arteko haurrei zuzenduta daude eta elebidunak (euskara - gaztelania) izango dira

Vitoria-Gasteiz, 2017ko martxoaren 23a.- Santa Maria Katedrala Fundazioak haurrentzako tailer didaktikoen edizio berria eskainiko du, berriro ere, Aste Santuan. Egutegian egonkortuta jada, Pazkoaren jatorrira hurbilduko dira oraingo honetan parte-hartzaileak; bestetik, arrautza tradizionalak eramateko saski bat egingo dute, artisauen eta merkatarien jatorria ezagutuko dute, eta etxeko ehungailu bat egingo dute. Apirilaren 18aren eta 21aren artean egingo dira, eta, lekurik hutsik geratuz gero, saio solteetara joateko aukera egongo da.

  Ohikoa denez, Aste Santuko eskola-oporrak iristear daude eta Santa Maria Katedrala Fundazioak jarduera bat antolatu du, neska-mutilek aukera izan dezaten tenplua ezagutzeaz gain, arkitekturara eta artera hurbiltzeko ere. Era berean, gazteen sormena garatu nahi da, eta aldi berean birziklatutako materialen erabilera sustatu nahi da. Hori guztia euskaraz eta gaztelaniaz egingo da.

Tailerrak apirilaren 18an hasiko dira, 'Pazko-saskia' deituriko saioarekin. Egun horretan, katedralaren bisita osoa egin ondoren, Aste Santuaren eta Pazkoaren jatorria ezagutuko dituzte, eta baita arrautzak apaindu eta oparitzeko tradizioa ere. Tailerrean, parte-hartzaile bakoitzak bere saskia egingo du, arrautzak eraman ahal izateko.

'Artisauak eta merkatariak' izena dauka bigarren saioak, eta hiriaren jatorriak, hiriaren bilakaera eta Erdi Aroko hiriaren, gremioen, artisauen, merkatarien eta harresiaren egunerokotasuna ezagutu ahalko dituzte parte-hartzaileek bertan. Gainera, katedraleko dorrera igoko dira. Erdi Aroko artisauek egiten zuten bezala, kartoizko ehungailu txiki bat egingo dute, eta zutoihal txiki bat ehunduko dute koloretako artileekin.

Apirilaren 20an, osteguna, 'Gida egun batez' saioaren txanda izango da, eta 21ean ere luzatuko da. Gida izatea gustatuko litzaizuke? Egun horietan, zer ikasi behar duten eta, jendeak bisita kulturalaz gozatu dezan, gure gidek zer-nolako trikimailuak erabiltzen dituzten ikasiko dute neska-mutilek. Aurreko egunetan katedralari, harresiari eta hiriari buruz ikasitakoak errepasatuko dituzte, eta jarraibide-sorta bat jasoko dute, eraikinaren inguruko aurkezpen soil bat egin ahal izan dezaten beren kabuz. Laguntzeko materiala egingo dute, eta, azkenik, taldeka, azken saioan bisitari berezienei, senideei alegia, ibilbide gidatua egiteko diskurtsoa prestatuko dute.

Ohikoa den moduan, jardunaldiak 8 urtetik 11 urtera bitarteko neska-mutilei zuzenduta daude eta elebidunak (euskaraz eta gaztelaniaz) izango dira. Apirilaren 18aren eta 21aren artean egingo dira tailerrak, 10:00etatik 13:00era. 51 euroko prezioa izango dute, eta 40,8 eurokoa Katedralaren Fundatzaileen Elkarteko bazkideentzat edo bazkideen seme-alabentzat. Toki hutsik geratuz gero, saio solteetan eman ahalko da izena apirilaren 10etik aurrera, eguneko 15 euroko prezioan, eta 28,50 euroko prezioan bi egunengatik (% 20ko deskontua edukiko dute elkarteko bazkideek).

Plazak mugatuak direnez, aldez aurretik egin behar da erreserba, Bisitariak Hartzeko Zentroan (Buruileria plaza) edo 945 255 135 telefono-zenbakira deituta.