Gaurkotasuna

Prentsa-oharrak

07/06/2017

Santa Maria Katedralak ‘Kontzertuan eta irekita’ programa zabalduko du aurtengo udan, zenbait artista entzutetsu eta interesgarrirekin

2017/06/07 Katedralaren elizpean egingo dira denak, eta sarrerak www.kontzertuanetairekita.eus webgunearen bitartez ere eros daitezke 

Gasteiz, 2017ko ekainak 7.- Santa Maria Katedralaren elizpea musika programazio zabal baten eszenatokia izango da aurtengo udan. Ohiko koruez gain, ospe handiko bost kontzertu emango dira, haien artean oso desberdinak. Besteak beste, flamenkoa, folka eta jazza. Sarrerak Bisitariak Hartzeko Zentroan eta www.kontzertuanetairekita.eus webgunean eros daitezke.

Santa Maria Katedrala Fundazioaren helburu nagusietako bat zera da: katedrala kultur etxe gisa sustatzea. Arte guztiei eta hirian zein lurraldean eskaintza kulturala aberastu nahi duten eragile guztiei zabaltzea, publikoak zein pribatuak. Esparru honetan Jazzargia Elkartearekin lankidetzan aritu da programazioa ezagutzera emateko. Ospe handiko musikariak bilduko ditu, nazionalak eta nazioartekoak, beren talentuagatik eta lanagatik sarituak izan direnak.

Ekimenak Laboral Kutxaren babesa du. Datorren ekainaren 24an, larunbata, abiaraziko da OctOver taldearekin, alegia, rock estiloko abestiak eraldatzen eta musika-tresna klasikoekin jotzen dituen zortzi kideko taldearekin. Entzumen eta ikusmen esperientzia erabat gomendagarria nahi duten pertsona guztientzako.

Horien ondoren, uztailaren 22an, Germán Díaz musikariaren ikuskizun berriaz gozatzeko aukera egongo da. Proposamen oso interesgarria da: soinuen unibertso paregabea sortzen da musikariak erabiltzen dituen tresna mekanikoekin, playasaxarekin, errolmonika erromantikoarekin, barbaria-organoarekin eta musika-kutxarekin, besteak beste.

Irailaren 16an Iñaki Plazaren txanda izango da. Trikitilari, txalapartari eta perkusionista honek bere azken diskoa aurkeztuko du, Ekhi, Santa Maria Katedralean. Disko horretan folk soinua transmititzen digu bizkaitarrak trikitixaren, akordeoiaren, panderoaren eta beste perkusio-tresna batzuen bitartez.

Horrez gain, irailaren 29an Sergio de Lope izango dugu agertokian, 2016an egindako Cante de las Minas Nazioarteko Jaialdian (La Unión, Murtzia) bigarren saria lortu zuena instrumentista flamenko gisa. A night in Utrera diskoa aurkeztuko du, non flamenkoari kutsu berria ematen dion, joera berriekin nahastuta.

Zikloa urriaren 14an bukatuko da Ángela Cervantes eta Chema Saiz bikotearekin. Ahotsa eta gitarra erabiliz, omenaldia egiten diete musikari ospetsu zehatzei, adibidez, Ella Fitzgerald, Joe Pass eta XX. mendeko beren artista gogokoenari, Stevie Wonder.

Kontzertuei, artistei, prezioei eta sarrerei buruzko informazio guztia kontsulta dezakezu www.kontzertuanetairekita.eus webgunean. 10 euroko prezioa izango du, 6 eurokoa Katedraleko Fundatzaileen Elkarteko bazkideentzat. Horrez gain, abonuak eskura daitezke.

Ziklo hau Arabako koruen ohiko programazioari, udan Santa Maria plazan antolatzen den zinemari, Vitoria-Gasteizko Udalak Andre Maria Zuriaren jaietan Katedralean antolatzen dituen kontzertuei, irailean Arabako Foru Aldundiak antolatu ohi duen Musika Zaharraren Asteari eta Aita Menni Ospitalearen eta Bilboko Sozietate Koralaren kontzertu solidario bati gehitzen zaie (azken hori ere irailean egingo da). Eta hori guztia Alde Zaharrean kalitate handiko eskaintza kulturala egiteko xedearekin.   Elizpean prentsa-ohar bidez aurkeztu dute gaur Arabako Foru Aldundiko Euskara, Kultura eta Kirol diputatu Igone Martínez de Lunak; Jazzargia Elkarteko zuzendari Joseba Cabezasek; Laboral Kutxako Komunikazio, Babesletza eta Gizarte Ekintzako lurralde arduradun Kepa Ortiz de Urbinak; eta Santa Maria Katedrala Fundazioko zuzendari Jon Lasak.