Gaurkotasuna

Prentsa-oharrak

28/06/2017

Santa Maria Katedralak neska-mutilentzako bisita-tailerrak antolatu ditu uztailerako

2017/06/28 Etxeko txikienentzako bisita-tailerra abiaraziko du uztailean Santa Maria Katedralak. Ekimen horrekin, haurrak tenplura modu arin eta dibertigarrian hurbiltzea bilatzen da, eta ondarea baloratzen ikas dezatela aldi berean.

Vitoria-Gasteiz, 2017ko ekainaren 28a.- Euskaraz eta gaztelaniaz egingo dira, eta hainbat gairen artean hautatu ahalko da.

Jada ohikoa denez, Santa Maria Katedrala Fundazioak haurren aisialdi-eskaintzari heltzen dio udan. Aurten, berrikuntza batekin dator. Bertako begiraleek bisita-tailer dibertigarriak antolatu dituzte 8 eta 11 urte bitarteko haurrentzat. Horietan, tenplua zeharkatuko dute, eta bere historiari buruzko hainbat kontu ezagutuko dituzte, baita egin diren lanak eta oraindik egiteko dagoena ere, modu dibertigarrian. Arkitektura gotikoaren ezaugarri nahiz elementu nagusiak eta eraikuntzazko materialak eta teknikak identifikatuko dituzte, eta katedralak Gasteizko hiriaren jatorria den erdigune zaharraren harresiarekin duen lotura ezagutuko dute. Tailerrean, ikusitakoarekin zerikusia duen jarduera plastiko bat egingo dute, birziklatutako materialak erabiliz.

Oraingo honetan, bisita-tailerrak euskaraz egingo dira uztailaren 4an, 11n eta 18an, eta lantegi berdinak gaztelaniaz egingo dira uztailaren 6an, 13an eta 20an. 10:00etatik 13:00era iraungo dute, eta lantegietan banaka eman ahalko da izena. Lantegian parte hartzeko 13 € ordaindu beharko dira. Hala ere, % 20ko deskontua edukiko dute bai bazkide fundatzaileek, bai bi tailer edo gehiagotan izena ematen duten pertsonek.

Uztailaren 4an eta 6an, "Hiribilduko setioa" tailerra egingo da. Bertan, katedralaren jatorria ezagutuko dute. Gasteiz herrixka inguratzen zuen eta argi eta garbi herria defendatzeko asmoz sortu zen harresiari lotutako katedrala ikusiko dute. Lurpeko kripta ezagutuko dute, bere leiho estuekin; errondako pasagunean ibiliko dira, eta harresiaren oinetaraino hurbilduko dira. Tailerrean jada, katapulta bat egingo dute: antzinaroan objektu handiak jaurtigai gisa urrutitik botatzeko erabiltzen zen tresna.

Uztailaren 13an, "Saltsaren erdi-erdian" tailerraren txanda izango da. Jardunaldi horretan, Erdi Aroko hiri baten egunerokotasunera barneratuko dira, gastronomian zentratuz. Paseoa egingo dute katedralaren inguruko kaleetan barrena, artisau eta merkatarien etxeak, El Portalon eraikina, Andatarren dorrea eta Kordoi Etxea ikusita Erdi Aroko eguneroko bizimodua irudika dezaten. Gainera, garai hartako oinarrizko elikagaiak ezagutuko dituzte. Gero, eskuak oretan jarriko dituzte eta ogia egingo dute labean.

Uztailaren 18an eta 20an, "Harrizko liburuak" tailerrean, katedralaren bisita orokorra egingo dute, kriptan hasi, dorretik igaro eta arkupeetan amaitu arte. Horrela, toki horiei Biblia edo harrizko liburuak deitzeko arrazoiak ulertuko dituzte. Santa Mariaren atarietako batean ageri den herensugea gogorarazten duen munstro zabalgarria egingo dute jarduera plastikoan, kartoi berrerabilgarriak erabiliz.

Plazak mugatuak direnez, aldez aurretik egin behar da erreserba, Bisitariak Hartzeko Zentroan (Buruileria plaza) edo 945 255 135 telefono-zenbakira deituta.