Gaurkotasuna

Prentsa-oharrak

24/01/2018

Ondarearen babesean nanoteknologia erabiltzeko nazioarteko proiektu bateko parte-hartzaileak Gasteizen elkartuko dira

Guztira ehun bat pertsona elkartuko dira, horien artean Pisa, Viena, Kolonia eta Gante hirietako katedralen eta Osloko opera jauregiaren ordezkariak, zaharberritzaileak, ikertzaileak, irakasleak eta ondarea babestean interesa duten beste pertsona interesdun batzuk  


Gasteiz, 2018ko urtarrilak 24.- Gasteizek bihar eta etzi hartuko du ondarea babesteko nanoteknologia erabiltzeari buruzko europar proiektu bateko parte-hartzaileen lan-topaketa berria. Europa biltzar-jauregian elkartuko dira Pisa, Viena, Kolonia, Gante eta Arabako hiriburuko katedralen eta Osloko opera jauregiaren ordezkariak ekimen honetan parte hartzen duten laborategi eta enpresetako adituekin. 

2015ean jarri zen martxan Nano-Cathedral proiektua, Europako Batzordeak koordinatzen duen nazioarteko ikerketa programa, ondarea babesteko nanoteknologia erabiltzeko helburuarekin. Zehazki, Europako hainbat katedraletako harriak babestu eta finkatu nahi dira. Santa Maria katedrala da programa honetan parte hartzen duen Estatuko bakarra, Europako tenplu nagusietako batzuekin eta eraikin moderno batekin, Osloko opera-jauregiarekin. 

Bihar eta etzi ehun bat pertsona bilduko ditu Europa Kongresu Jauregiak. Besteak beste, bertan izango dira honako hauek: UPV-EHU unibertsitateko, Valentziako Unibertsitate Politeknikoko eta San Fernando Arte Ederretako Akademiako ikertzaile eta irakasleak; San Telmo Museoko, Bilboko Arte Ederretako Museoko, Nafarroako Gobernuko Ondare saileko eta Madrilgo Kultura-ondasunak Kontserbatzeko eta Zaharberritzeko Goi Eskolako langileak. 

Mintegi teoriko-praktiko hau aukera ona izango da parte-hartzaileei 2015az geroztik zer egin den azaltzeko, bai laborategian bai monumentuetan. Zehatzago esanda, hamabi harri mota desberdinetan, parte hartzen duten Europako sei hirietan, 35 material saiatu direla azalduko da, horietako bakoitzean dauden baldintza klimatikoetan nola funtzionatzen duten aztertze aldera. 

Lehen jardunaldian, Koloniako katedraleko Ulrike Brinkmannek hitzaldi bat emango du beirateriak kontserbatzeko materialei buruz; Carlos Brionesek, CSIC zentroko zientzialari, idazle eta dibulgatzaileak, nano-zientziaren eta nano-teknologiaren orainari eta etorkizunari buruz duen iritzia emango du. Horiez gain, besteak beste, Max Rahring, Bambergko Otto Friewdrich Europako Unibertsitatekoak, eta Leandro Cámara eta Pablo Garcíak, lantalde anfitrioiko kideek, hitzaldia emango dute. 

Horrez gain, Santa Marian egindako lan eta saiakuntzak izango dira ostiralean protagonistak. Bertan izango dira Santiago Tamayo eta Diana Pardo, Arabako Foru Aldundiaren Laborategi eta Zaharberrikuntza zerbitzuetakoak. Anton Sutterrek eta Giulia Severinik ere parte hartuko dute. Besteak beste, Pisako Santa Maria Assunta Katedraleko marmolei buruzko proiektua azalduko dute.