Gaurkotasuna

Prentsa-oharrak

06/05/2019

‘Kontzertuan eta irekita’ ekimenak bost kontzertu erakargarri eskainiko ditu uda honetan Santa Maria katedralean

Udan, fadoak eta Portugaleko musika herritarra, gitarra, flamenkoa, bluesa eta folka bilduko dituzten askotariko proposamenak egingo ditu Santa Maria Katedralaren Fundazioak, Jazzargia kultura-elkartearekin lankidetzan arituz.

Gasteiz, 2019ko maiatzaren 6a.- Santa Maria katedraleko elizpeakultura-egitarau zabal baten agertokia izango da uda honetan berriz. Aurreko ekimenen arrakastaren ostean, eta Jazzargia kultura-elkartearekin elkarlanean antolatuta, hainbat musika-estilotako bost kontzertu, abesbatzak, zinema eta magia elkartuko dira arkupeetan. Bada, http://www.kontzertuanetairekita.eus webean aurki daiteke informazio guztia. 


Tenplua diziplina anitzeko kultura-zentro gisa indartzea da Santa Maria Katedralaren Fundazioaren oinarrizko xedeetako bat. Hots, arte guztiei eta hiriko nahiz lurraldeko kultura-eskaintza aberastu nahi duten agente kultural publiko zein pribatu guztiei irekitzea tenplua. Eta, hain zuzen ere, xede horretantxe kokatzen da ‘Kontzertuan eta irekita’ ekimena, beste behin ere Jazzargia musika- eta kultura-elkartearekin batera antolatu dena.


Iaz bezalaxe, ordaindu beharreko kontzertu-bloke bat egongo da, zeinak Vital Fundazioa duen laguntzaile nagusi. Hala, askotariko estiloak eta formatuak izango dituzten bost proposamen erakargarri izango ditugu ekainaren 29tik irailaren 14ra bitartean. Mara abeslari portugaldarra izango da lehenengo errezitaleko protagonista. Alentejon jaioa (Portugaleko hegoaldean), musika bizi eta arnasten du Marak. Haurra zenetik izan du bidelagun abesteko artea, eta fadoak beti eduki du tokia hor. Fadoari eta Alentejoko abestiei begiratzen dien ‘Folha de Rostro’ eskainiko digu, Portugalen, Espainian eta Cabo Verden zabal aurkeztu ondoren. 


Uztailaren 6an, Lucas Masciano igoko da agertokira. Bakarlaritzat hartzen du bere burua; izan ere, «idazten ditudan abestiak abesten ditut, nahiz eta guztiz ordezkatzen ez nauen musika-estilo bilakatu den bakarlariaren irudia», eta bere gitarra banaezinarekin etorriko da: Argentina sorterrian 8 urte zituela jotzen hasi zen gitarra horrexekin, alegia. 80ko hamarkadako Land Rover zahar batean (‘La Kalinka’ goitizena duenean) munduari bira emanez denboratxo bat egin ondoren joko du Santa Marian, hainbat kontzertu eman eta bere bizitza musikalari buruzko disko-liburu bat idatzi eta gero. 


Uztailaren 13an, Amós Loraren txanda izango da. Hogei urteak bete ez dituen arren, gitarra-jotzaile sendoa da dagoeneko. Hamaika urte zituela, Paco de Lucía liluratu zuen, zur eta lur geratu baitzen handik gutxira berak sortutako abestiekin lehen CDa grabatuko zuen haur haren talentuarekin. Estilo bakan eta guztiz pertsonalarekin fusionatzen ditu jazza eta flamenkoa. ‘Sin más’ hirugarren diskoa aurkeztu berri du, bere konposizioetan oinarritua hori, eta, bertan, berak jotzen ditu musika-tresna guztiak. 


Elkano Browning Cream taldeak hilaren 27an emango duen kontzertuarekin amaituko dugu uztaila. 2007an lehenengo album homonimoa argitaratu zutenetik, musikaren gaineko ikuspegi angeluaniztunak ezaugarritu izan du taldearen ibilbidea, eta horren ondorioa izan dira ñabarduraz josiriko diskoak eta osagai erritmiko handia duten melodia landuak. Mikel Azpiroz pianista eta organista donostiarrak koordinatuta, Franck Mantegari bateria-jotzaile paristarrak eta Bartzelonan bizi den Dave Wilkinson gitarra-jotzaile britainiarrak osatzen dute taldea.  ‘Bor’ azken diskoa aurkeztuko dute. 


Azkenik, irailaren 14an, Ensemble Sanginetoz gozatu ahalko dugu. Adriano eta Caterina Sangineto anai-arreba bikiak dira, Michele Sangineto musika-tresnen fabrikatzaile ezagunaren seme-alabak. Hala, Michele Sanginetok 40 urte baino gehiago daramatza tradizio europarreko musika-tresnak fabrikatzen; hala nola, harpa zeltak, Viggiano harpak, salterioak eta mailukatuak edota Italiako Errenazimenduko maisu handiek koadroetan eta freskoetan marraztutako beste tresna batzuk. Bada, antzinako musikaren bidez hasi ziren anai-arrebak musikara hurbiltzen, aitak egindako instrumentuekin: haurrak zirela ere, Erdi Aroko eta Errenazimenduko musika jotzen zuten. Gaur egun, antzinako jendearen eta jende modernoaren arteko nahasketa egiten dute, zelta-ukituarekin. Carlos Nuñezen ohiko kolaboratzaileak dira. 


Kontzertuei, artistei, prezioei eta sarrera-erosketari buruzko informazio guztia begiratu daiteke http://www.kontzertuanetairekita.eus webean. Kontzertu bakoitzerako sarrerak 10 euro balioko ditu (6 euro Katedralaren Sortzaileen Zirkuluko bazkideentzat). Era berean, ziklo guztirako abonua erosi ahalko da, 40 euroan (25 euro bazkideentzat). 


Alabaina, ekimen honek bat egiten du Santa Maria katedrala erreferentziatzat izango duen doako egitarau zabal batekin. Ekainaren 7an, denboraldi bakoitzean lurraldeko musika koralari eskaintzen zaion atala abiatuko da. Hilabete honetako ostiral guztietan eta uztaileko lehenengoan, Arabako Abesbatzen Federakundearekin elkarlanean eta Laboral Kutxaren babesletzarekin arituta, zortziehun bat ahots eta askotariko errepertorioak entzutea ahalbidetuko duten bost errezitaldi programatu dira. 19:45ean izango dira, atarian. 


Udan, aurreko deialdien arrakasta dela-eta, aire zabaleko zinema-saioak egingo dira berriro ere, Laboral Kutxaren babesletzarekin baita ere. Uztailaren 19an eta 20an eta abuztuaren 30ean eta 31n izango dira, haurrentzako eta helduagoentzako filmak konbinatuta, euskaraz nahiz gaztelaniaz. 


Antzinako Musikaren Astearekin (irailak 4, 5 eta 6, Arabako Foru Aldundiaren eskutik) eta Magialdiaren esparruko magia-saioekin (irailak 17 eta 18) osatuko da egitaraua.  


Gaur aurkeztu dira ekimen horiek guztiak, katedralaren atarian egin den prentsaurrekoan, honako hauen parte-hartzearekin: Igone Martínez de Luna Arabako Foru Aldundiaren Euskara, Kultura eta Kiroleko diputatua, Axier Urresti Vital Fundazioko zuzendari nagusia, Kepa Ortiz de Urbina Laboral Kutxaren Komunikazio, Babesletza eta Gizarte Ekintzako lurralde-arduraduna, Jon Lasa Santa Maria Katedralaren Fundazioko zuzendaria eta Joseba Cabezas Jazzargia musika- eta kultura-elkarteko kidea.


Cookieak darabiltzagu gure zerbitzuak hobetzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, horien erabilera onartutzat hartuko dugu zure aldetik. Onartzen dut | Informazio gehiago