Gaurkotasuna

Jarduerak

04/09/2019

Kontzertua: Musica Boscareccia

XXXVII. Arabako aintzinako musika astea, Arabako Foru Aldundia, irailak 4,  20.15etan. Sarrera inbitazioarekin, edukiera bete arte

MUSICA BOSCARECCIA talde barrokoak Johann Hermann Schein-ek 1621ean Leipzig-en argitaratutako abesti bilduma batetik hartu du izena (Musica Boscareccia –basoko musika– edo Wald Liederlein –basoko abestitxoak–, edizio horren lehen orrialdean agertzen den moduan). Instrumentazio aldakorreko talde honek XVII. eta XVIII. mendeetako ganberako ahots musika interpretatzen du batez ere, ahots bakarreko eta baxu jarraituko abestietatik hasi eta instrumentu akonpainamendua duten kantatetara. Oso errepertorio zabala eta askotarikoa du, besteren artean, publikoarentzat oso ezagunak ez diren konposizioak, obra argitaragabeak eta berraurkituak izateko zain dauden piezak.

Argitaratu zuten lehenengo CDa, Dulce azento, musika ondarea berreskuratzeko proiektu garrantzitsua izan zen; izan ere, Francesco Corselli-k konposatutako lau kantata argitaragabe berreskuratu zituzten Madrilgo Errege Kaperako agiritegitik. Horrez gainera, egile beraren biolinerako eta baxurako hiru sonata grabatu zituzten lehen aldiz. CD horrek hainbat sari jaso ditu, besteak beste, ICMA nazioarteko sari entzutetsurako izendapena. Duela gutxi, bigarren CDa argitaratu dute: Sognando son felice, Domenico Scarlatti-ri eskainia osoki.

Musica Boscareccia taldeko kideak Espainiako eta nazioarteko talde barroko nagusiekin aritzen dira aldizka eta musika jaialdi eta kontzertu areto garrantzitsuenetan jo ohi dute.

Besteren artean, honako hauetan eman dituzte kontzertuak: Santanderreko Nazioarteko Jaialdia, Nafarruriko Antzinako Musika Jaialdia, Arabako Antzinako Musikaren Astea, Leongo Organo Jaialdia, Sevillako orkestra barrokoko denboraldia, Cadizeko Espainiar Musikaren Jaialdia, Salamanca Barrokoa zikloa, Burgoseko Cordon kultura zikloa, Madrilgo Arte Sakratuaren Jaialdia, Oviedoko Felipe Printzea auditoriuma, Aranjuezeko Antzinako Musika Jaialdia, San Lorenzo de El Escorial, Musika Auditorium Nazionaleko Unibertso Barrokoa zikloa, Sevillako Antzinako Musika Jaialdia, eta laster Lizarrako Antzinako Musika Jaialdiko proiektu pedagogikoan parte hartuko dute talde gonbidatu gisa.

musica antigua