Gaurkotasuna

Prentsa-oharrak

12/07/2021

Errealitate birtuala Santa Maria Katedralean barneratzen da XII. mendetik hona izan duen eraikuntza-bilakaera ezagutzera emateko

Santa Maria Katedrala Fundazioak, antzinako Santa Maria elizaren gainean eraikitako egungo tenpluaren eraikuntzaren hastapenetan eta ondorengo bi mendeetan egindako lanetan 360º-tan murgiltzen lagunduko duten ikus-entzunezko hiru pieza aurkeztu ditu gaur.

Bideoa proiektuaren irudiekin: https://labur.eus/LagyD

Vitoria-Gasteizen, 2021eko uztailaren 12an.- Santa Maria Katedrala Fundazioak errealitate birtualeko hiru ikus-entzunezko berri aurkeztu ditu gaur. Horiei esker, Santa Maria eliza zaharraren gainean eraikitako egungo tenpluaren eraikuntzaren hastapenetan eta ondorengo bi mendeetan egindako lanetan murgiltzeko aukera izango dute bisitariek.

Bideoek Arabako Foru Aldundiko Enplegua, Merkataritza eta Turismoa Sustatzeko Sailaren finantzaketa dute, eta berehala sartuko dira iazko urrian abian jarri ziren errealitate birtualeko bisita gidatuen eskaintzan.

360º-tan murgiltzen lagunduko duten ikus-entzunezko berriak errealitate birtualeko bisita gidatuen eskaintzan sartuko dira aste honetan bertan. Bisita horiek iazko urrian jarri ziren abian, Santa Maria plazatik Gasteiz zaharraren bilakaera, hirira eta haren ingurura sartzeko iparraldeko atea eta Gasteizko hirigintza-garapena erakusteko.

Proiektu horrek Arabako Foru Aldundiko Enplegua, Merkataritza eta Turismoa Sustatzeko Sailaren finantzaketa du.

Ramiro Gonzalez Arabako ahaldun nagusiak, Cristina Gonzalez Enplegua, Merkataritza eta Turismoa Sustatzeko foru diputatuak eta Jon Lasa Santa Maria Katedrala Fundazioko gerenteak aurkeztu dituzte errealitate birtualeko ikus-entzunezko berriak. Ana del Val Kultura eta Kirol diputatua ere aurkezpen ekitaldian izan da.

Dibulgaziorako teknologia

Ramiro Gonzalez ahaldun nagusiak azpimarratu duenez, “Santa Maria Katedrala Fundazioak apustu handia egin du Arabako ondare-, kultura- eta turismo-aktibo nagusietako bat berreskuratzeko eta ondarea balioesteko lanak zabaltzea errazten duten tresnekin hornitzeko, eta haien izaera berezia indartzeko”.

Bestalde, Cristina González diputatuak adierazi duenez, proiektu honek “Katedralerako bisitak aberasten ditu, lehen aldiz bisitatzen gaituztenak harritzen jarraitzeko eta ezagutzen gaituztenei gure ondare historiko-artistikoaren harribitxi hau berraurkitzeko arrazoiak emateko. Errealitate birtuala bultzatzean, are gehiago handitzen dugu nazioartean saritutako bisita-programa baten kalitatea”.

Jon Lasa Santa Maria Katedrala Fundazioko gerenteak hiru ikus-entzunezko berrien xehetasunak azaldu ditu eta “bisitarien eskura jartzen dugun eskaintza turistikoa hobetzen jarraitzeko” Arabako Foru Aldundiak emandako babesa eskertu du. Halaber, eskerrak eman dizkio Gasteizko Udalari bideoak grabatzeko Erdi Aroko Merkatuko jantziak uzteagatik. 

Ikus-entzunezko murgiltzaile berriek proposatzen duten denboran zeharreko bidaia hiru etapatan banatuta dago. Lehenengoa XII. mendean hasten da eta Santa Maria eliza erromanikoaren barruan kokatzen da. Eliza horren gainean eraiki zen gaur egungo katedrala. Ikusten den giroa itzalekoa eta ilun samarra da, tenpluak oso argi sarrera gutxi zituelako. Hormak lodiak eta sendoak dira, estilo erromanikoari dagokion bezala, baina baita eliza hiriko harresiei itsatsita zegoelako eta egitura errespetatu egin behar zelako ere. Zalantzarik gabe, eszenako elementu protagonista absidea da, bere aldarearekin eta hormaren erdian dagoen eraikineko leiho bakanetako batekin.

Bigarren etapak gaur egungo Santa Mariaren eraikuntza du ardatz, antzinako elizaren eta gaur egungo tenpluaren eraikuntzaren hasieraren arteko trantsizio-une batean. XIII. mendean gaude jada, eta harresitutako esparru zaharraren kanpoaldean altxatzen ari ziren Santa Maria berriaren erdiko hormak ikusten dira. Atzealdean, tenplu zaharreko teilatuen ostean, hiriko gainerako etxeak eta gotorlekuak ere ikusten dira.

Azkenik, hirugarren bideoa katedral berriaren barruko obrei buruzkoa da. Kronologikoki, eszena hori XIV. mendean gertatu zen, gurutzadurako gangak altxatzen hasi ziren Santa Maria tenplu berria eraikitzeko lanen funtsezko une batean. Une garrantzitsua ere bada, obra-bilera bat egiten ari delako proiektuaren sustatzaileen parte-hartzearekin: kleroaren eta Gasteizko nobleziaren ordezkariak. 

Esperientzia, katedraleko kriptak eta hiriko harresia bisitatuz osatuko da, bisitaria hiriaren hirigintzak izan duen bilakaeran murgilduko duen ibilbide didaktikoa osatuz. Interesatuek “Errealitate Birtuala eta Harresia esperientzia” erreserbatu beharko dute katedralaren webgunean edo 945 255135 telefono zenbakira deituz.

Nolanahi ere, 360º-ko bideoak jende guztiaren eskura egongo dira Fundazioaren www.catedralvitoria.eus webgunean, eta mota horretako edukiak erreproduzitzeko egokia den edozein gailutan ikus daitezke.

Lana asmo handiko ikerketa eta hedapen proiektu baten barruan dago, Santa Maria Katedralean egindako indusketetan abiatuta egin diren ikerketetan oinarritutako katedralaren eta bere ingurunearen eredu birtuala gauzatzen duen proiektuan, hain zuzen ere. EHUko Ondare Eraikiaren Ikerketa Taldea arduratzen da informazio historiko guztia emateaz, eta baita Gasteizko muinoa osatu duten elementu guztien kokapen geometrikoa zehazteaz ere. Burgosko Unibertsitateko 3dUBU ikerketa-taldea, ikerketa historikoei eta arkeologikoei aplikatutako teknologia berrien erabileran aditua, arduratzen da 3D modelatzea egiteaz.