Gaurkotasuna

Prentsa-oharrak

25/05/2022

Santa Maria Katedrala Fundazioak “Kontzertuan eta irekita” egongo den uda prestatu du, kultur jarduerez osatutako egitarau zabalarekin

Pablo Milanesek emango du ekimen horren barruan programatutako lau kontzertuetako bat. Ekimenak musikaz beteko du Katedralaren Elizpea Jazz Fusion, Pop euskaldun eta Barbershop estiloko proposamenekin.

Gainera, uda osoan zehar hainbat kultur jarduera osagarri izango dira Katedralean, hala nola abesbatzen kontzertuak, musika klasikoa, poesia errezitaldiak eta “Zinema elizpean” jaialdiaren edizio berri bat.


Vitoria-Gasteizen, 2022ko maiatzaren 25ean.- Santa Maria Katedrala berriro ere “Kontzertuan eta irekita” egongo da aurtengo udan, gaur Santa Maria Elizpean aurkeztu den kultur programazio zabalari esker. Ekainean eta uztailean artista ospetsuak, Pablo Milanes, bestek beste, hartuko dituen eszenatokia izango da.

Ekitaldian, ekimena sustatu duten erakundeetako ordezkariek hartu dute parte, hala nola Ana del Val Kultura eta Kirol Foru Diputatuak, Arantxa Ibañez de Opacua Vital Fundazioko zuzendariak, Kepa Ortiz de Urbina Laboral Kutxako Komunikazio arduradunak eta Jon Lasa Santa Maria Katedrala Fundazioko gerenteak. Gainera, bertan izan da Joseba Cabezas, “Kontzertuan eta irekita” antolatzen laguntzen duen Jazzargia Elkarteko arduraduna.

Jarduera programa horren bitartez, Fundazioak kulturarekiko konpromisoa berretsi du eta “Kontzertuan eta irekita” programako lau kontzerturekin emango dio ongietorria udari. Ekimen honek Vital Fundazioaren laguntza du, eta ekainaren 25ean, uztailaren 9an, 16an eta 23an, 20:30ean, tenplua kulturaren egoitza bihurtuko da, eta askotariko proposamenak eta musika estiloak biltzen dituen kontzertu zikloa hartuko du: Jazz Fusioa, Pop euskalduna, Barbershop eta egile kantak.

Horrela, ekainaren 25ean, larunbatean, lehen Jazz Fusio errezitaldia egingo da Elizpean, Tomas Merlo musikari, konpositore eta moldatzailearen eskutik. Mallorcako artistak “Crisis” diskoa aurkeztuko du, 70eko hamarkadaren amaierako eta 80ko hamarkadaren hasierako jazz rockaren eragina gogora ekarriz.

Uztailaren 9an, elizpean euskal musika entzungo da, Mikel Inunziaga kantariaren errepertorioarekin. Euskarazko hainbat lan aurkeztuko ditu. Uztailaren 16an, “All a TAG” oihukatuz Kataluniako Metropolitan Union laukoteak barbershop estiloaren erritmora joko du. “Kontzertuan eta irekita” uztailaren 23an amaituko da gaztelaniazko egile abestiaren adierazle nagusietakoa den Pablo Milanesekin,. Interpreteak Kubako eta Amerikako musikako genero ugari ekarriko ditu eszenatokira.

www.abiertoporconcierto.eus webgunea izango da informazioa lortzeko eta sarrerak erosteko kanala. Lehenik eta behin, lau kontzertuetarako abonu bat jarriko da salgai, 45 euroko prezioan (40 euro bazkideentzat, eta kasu horretan Bisita Zentroan eskuratu beharko dituzte). Ekainaren 9an, abonu guztiak kontsumitu ez badira, banakako sarrerak erosteko aukera eskainiko da.

Poesia, abesbatzak eta askoz gehiago

Lau kontzertu horiez gain, Santa Maria Katedrala Fundazioak datozen hilabeteetarako diseinatutako kultur programa haratago doa, eta abesbatzak, musika klasikoa, poesia errezitaldiak eta “Zinema elizpean” barne hartuko ditu. Horietako batzuk dagoeneko egin dira, hala nola Javier Ruibalek “Maiatzeko Poetak” programaren barruan eman zuen azken kontzertua, baina beste asko udako hilabeteetan egingo dira.

Errepertorio zabalaren artean, alde batetik, poesia errezitaldiak nabarmentzen dira eta, bestetik, Arabako abesbatzen kontzertuak. Horrela, ostiral honetan, maiatzaren 27an, Gasteizko Nazioarteko “Maiatzeko poetak” Poesia Jaialdiaren errezitaldia hartuko du Katedralak. Zuriñe Aguinagak, Cristina Campok eta Ainhoa Ruiz de Angulok “Iluntasuna eta Argia” interpretatuko dute. Hiru emakume gorrek zeinu-hizkuntzan antzeztutako poesia ikuskizuna da.

Ekaina Arabako abesbatzen hilabetea izango da. Arabako Abesbatzen Federazioak, Laboral Kutxarekin lankidetzan, bost emanaldi programatu ditu, ehunka ahots eta askotariko errepertorioekin. Kontzertuak 19:45ean izango dira, ekainaren 3an (Lautada, Amalur, Ausartak eta Tantak), ekainaren 17an (Nurat, Urkanta, Bi Hotsak eta Ahots Argiak), ekainaren 24an (Oskarbi, Canta Cantorum, Maiora Canemus eta Samaniego), uztailaren 1ean (Haritz Hostoa, Arantzabela, Atempo eta Florida), eta uztailaren 8an (Badaia, Manuel Iradier, Mairu eta Kataliturri). 

Abuztuan, halaber, Gasteizko Nazioarteko XV. Musika Jaialdia egingo da, Luis Aramburu Eskolarekin eta Fundación Vital Fundazioarekin batera antolatuta. Jaialdi hori gazteei eta haien musika eta giza prestakuntzari dago zuzenduta batez ere, nazioarteko talde ospetsuen kontzertuak eta ekitaldiaren egunetan emango diren maisu-klaseetako ikasleen kontzertuak konbinatuz.

Aurten kontzertuak Gasteizko Bakarlariak Taldearen eskutik etorriko dira abuztuaren 16an eta 18an, flautarako (Beethoven, Haydn, Mozart) eta hari laukote eta klarineterako (Mozart, Brahms) boskote garrantzitsuenetako batzuk ezagutzera emanez.

Hilabete horretan bertan, “Zinema elizpean” egingo da. Kultura Kalean eta Laboral Kutxari esker, ostiral eta larunbat gauetan Santa Maria plaza berriro argituko da, familia osoari zuzendutako zenbait film arrakastatsurekin. Filmen zikloan aurreikusitako programazioa hau da:

Uztailak 29: Un cadáver a los postres 

Abuztuak 26: El secreto de la pirámide

Abuztuak 27: A todo tren destino Asturias

Irailak 3: Space Jam.

Azkenik, irailera begira, Katedralak beste jarduera garrantzitsu batzuk hartuko ditu, hala nola Arabako Foru Aldundiak antolatutako Arabako Antzinako Musikaren Asteko zenbait kontzertu eta Magialdia, Nazioarteko Magia Jaialdiko zenbait emanaldi.

Jarduera eta prezio guztiak, baita erreserben kudeaketa ere, katedralaren webgunean (www.catedralvitoria.eus) edo 945 255135 telefono-zenbakian egongo dira eskuragai eta eguneratuta.  

Cookieak darabiltzagu gure zerbitzuak hobetzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, horien erabilera onartutzat hartuko dugu zure aldetik. Onartzen dut | Informazio gehiago