Gaurkotasuna

Prentsa-oharrak

16/05/2022

Errealitate birtuala Santa Maria Katedraletik Gasteizko Harresira zabaltzen da

Bisitariak Gasteizko lehen harresia eraiki zen garaira eta Erdi Aroko hiriaren bilakaerara eramango dituzten 360º-tan murgiltzeko ikus-entzunezko hiru pieza berri aurkeztu dira gaur

Hiru ikus-entzunezkoek hiriaren jatorriaren ikuspegi berria ematen dute. Lehen bideoa IX. mendeko Gasteizko herrixkari buruzkoa da. Bertan, bisitaria muinoaren behealdean jartzen da, biztanleek beren nekazaritzako eremuak zituzten tokian. Ikus-entzunezko piezaren oinarri gisa erabiltzen den ikerlanari esker, garai hartan dagoeneko inguruan zenbait herrixka zeudela pentsa daiteke, Ali eta Abendaño, esaterako.

Bigarren pieza 1100. urtearen inguruan eraikitako lehenengo harresian oinarritzen da. Kokapena aurreko bideoko bera da, muinoaren beheko aldea, harresia eraikitzen hasi zen garaian, hain zuzen ere. Oro har, harresiak perimetro obala zuen, muinoaren goi-lautadari egokitua. 1.000 metroko luzera eta 8 metroko altuera lortu zituen, hogei dorre aurreratu baino gehiagorekin eta sartzeko hiru aterekin.

Azkenik, hirugarren bideoak Behe Erdi Aroko Gasteizera garamatza, XIII. mendera. Bertan, bisitariak Villasusoko harresiko dorreetako batera igoko dira modu birtualean, hiriaren ikuspegi orokorra lortzeko. Hortik uler daiteke Erdi Aroko Gasteizen bilakaera eraikuntzaren ikuspegitik, Gasteiz herrixkan izan zuen jatorritik –Nafarroako Antso VI.ak 1150eko hamarkadan hiribildu izendatu zuen “Victoria” izenarekin– mendebaldeko zabalguneraino –Errementari, Zapatari eta Hedegile kaleak–; azken horrek beste foru bat jaso zuen errege beraren aldetik, eta, “Nova Victoria” izena hartu zuen. Bideo honetan, “Victoria” herrixkaren barruan etorkizuneko Santa Maria Katedralaren lanen jarraipena ikus daiteke.

Errealitate birtualeko bisita gidatuen eskaintzan berehala sartu den esperientzia murgiltzaile berri honek, Katedralaren inguru osoan zehar ia denbora osoko bidaia bat egiteko aukera ematen du. Lehenengo piezek katedralaren kanpoaldetik ematen zuten ikuspegia, ondoren tenpluaren barrualdera pasatzeko. Orain, errealitate birtualak harresira eta Katedraletik metro gutxira dauden aztarnetara egiten du salto.

Bisita mota horretan interesa duten pertsonek katedralaren webgunetik edo 945 255135 telefono-zenbakitik egin beharko dute “Errealitate Birtuala Esperientzia eta Harresia” izenekorako erreserba. Edonola ere, Santa Maria Katedrala Fundazioak 360ºko bideo hauek jende guztiaren eskura jartzen ditu www.catedralvitoria.eus webgunean. Bideoak egiteko Gasteizko Udalaren laguntza izan du, Erdi Aroko azokako jantziak laga baititu.