Berrikuntza

Berrikuntza zaharberritze-prozesuan zehar

Santa Maria Katedrala zaharberritzen hasi zirenetik berrikuntzaren faktorea ezarri da proiektuan. Tenpluaren zaharberritze integralean lan egin duten diziplinarteko taldeek garatu dituzten proposamen berritzaile batzuk zehazten ditugu jarraian. 

1996an aurkeztutako Plan Zuzendariak azterlan hura gauzatzeko moduan berritzaileak ziren hainbat proposamen aurreratu zituen; besteak beste, fotogrametriaren teknikan oinarritutako dokumentazio geometriko bat egitea proposatzen zen, hain zuzen ere harriz harri katedral osoaren hiru dimentsioko eredu bat izateko. 

Era berean, Katedralaren azterlan estratigrafikoa egiteko, Arkitekturaren Arkeologia baliatu zen, eta, horri esker, arkeologoek eraikinaren eraikuntzazko bilakaera historikoa ulertu ahal izan zuten eta metodologia hori Santa Maria Katedrala bezain konplexuak diren beste eraikin batzuetarako balioztatu zen.

Monumentuaren egiturazko azterlana egiteko, mugako bilakaera-egoeren teorian oinarritu ziren, eta, horri esker, eraikinean eragina duten indarren konplexutasuna ulertu ahal izan da, horren egitura zaharberritzea ahalbidetu duena.

Prozesu hori guztia Monumentuaren Informazio Sistema izeneko Informazio Geografikoko Sistemaren bitartez kudeatu da hasiera beretik, hain zuzen ere BIM kontzeptua ondare historiko eraikian aplikatzen duen sistema baten bitartez. Are gehiago, sistema hori dagoeneko abian zegoen BIM terminoa eraikinen kudeaketan erabiltzen hasi baino lehen.

Ikerketa bat burutu da, eraikin historikoetako hormak eta zutabeak sendotzeko injektatzeetan erabili behar diren materialak eta konposizioa zehazteko. Ikerketa-prozesu osoa eta egindako azterketak eta emaitzak argitalpen inprimatu batean gorde dira, eta bitarteko digitalen bidez jendearen eskura dago creative commons lizentzia batekin.

Garapen teknologikoaren esparruan, elizpearen bilakaera polikromoa eraiki zenetik gaur egun arte ezagutzeko aukera ematen duen bideo mapping sistema bat ezarri dela azpimarra daiteke.  Polikromiak argi-proiekzioen bidez birsortzeko sistema elizpearen zaharberritze-lan artistikoaren barruan polikromia berrezartzeko modu gisa pentsatu da, baita bisitarientzako errealitate handituko tresna gisa ere.

2015-2018 urteetan NANO-CATHEDRAL proiektuan parte hartu dugu, Vienako, Ganteko eta Pisako katedralekin batera (baita Osloko Operaren eraikina ere). Proiektu horrek Europar Batasunaren finantzazioa dauka, Horizon 2020 programaren bitartez, eta monumentu-eraikinetan, katedraletan eta balio handiko arkitektura garaikidean hondatutako harriak kontserbatzeko nano-material, teknologia eta prozedura berriak garatzen ditu.
Cookieak darabiltzagu gure zerbitzuak hobetzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, horien erabilera onartutzat hartuko dugu zure aldetik. Onartzen dut | Informazio gehiago