Ondarea zaharberritzea

Komunikazioak Santa Maria kantoian (2010).

Katedraleko bisiten zirkuitua osatzeko, alde batetik elizpearen estalkipean dagoen gunerako sarbidea eman zen –elizpeko gangen gainean– eta hortik dorrera sartzeko bidea ahalbidetu zen, eta, beste aldetik, burualdeko kriptaren behe-maila eta Katedralaren zoru-maila elkarren artean komunikatu ziren. Lan horien barruan, bi komunikazio-dorre eraiki ziren Santa Maria kantoira irekitako Katedralaren patioetan, ipar-fatxadan.


Lehenengo dorrea elizpean kokatu zen, mendebaldeko patioan, eta hiru geltokitatik arazorik gabe har daitekeen igogailu bat dauka. Beheko geltokia kantoiko patioen mailan dago kokatua; hurrengoa, Katedralaren maila nagusian; eta hirugarrena, elizpearen gangei buruzko erakusketa-aretoa kokatuko den mailan. Hareharrizko harrilan bat eraiki zen forma sabelduarekin, pentagono baten, hexagono baten, heptagono baten eta oktogono baten bitartez karratu bat zirkulu bihurtzeko prozesua itxuratzen duen joko geometriko bati jarraiki.


Bigarren dorrea ekialdeko patioan kokatu zen, transeptuaren ondoan. Katedralaren bi mailak komunikatzen ditu: erdisoto bisitagarria eta behe solairua. Azken hori kantoiko patioaren beraren mailan dago kokatua, eta patioa Santa Maria plazaren mailan, Katedralaren hego-fatxadan. Erraz har daitekeen igogailu bat dauka. Hareharrizko harrilan bat da eta forma zilindrikoa du. Horrez gain, eskailera helikoidal bat dauka kanpoaldean, kareharrizko harrilanez egina, eta plataforma gangadun txiki bat, goiko mailara igotzeko sarbidea ematen duena eta beheko maila egurats zabaletik babesten duena.


Cookieak darabiltzagu gure zerbitzuak hobetzeko. Nabigatzen jarraitzen baduzu, horien erabilera onartutzat hartuko dugu zure aldetik. Onartzen dut | Informazio gehiago